Oroimen historikoa

Nafarroako Jauregitik “laureada” kentzeko bidea zabaldu du Nafarroako Gobernuak

12.000 euroko diru saila aurreikusi du 2016ko aurrekontu proiektuan, Oroimen Historikoaren Legearen betetzea bermatzeko. Teknikariak gaur izan dira ikur frankista aztertzen, aurrerago kentzeko.

Vianako Printzea erakundeko teknikariek 'laureada'-ren egoera aztertu dute gaur. @EHBILDUNAFARROA
Ander Perez Argote
2015eko azaroaren 19a
07:45
Entzun

Nafarroako Gobernuak Oroimen Historikoaren Legea betetzeko 12.000 euroko diru saila sartu du hurrengo urterako aurrekontu proiektuan. Horren barruan, Nafarroako Jauregiko aurrealdean ageri den gurutze ereñozduna edo “laureada” kentzeko asmoa aurreratu du. Hain zuzen ere, Vianako Printzea erakundeko teknikariak gaur izan dira ikur frankista aztertzen, aurrerago nola kendu zehazteko. San Fernandoren gurutze ereñozduna Franco diktadoreak Nafarroako armarriari erantsitako ikurra da, herrialdeko erreketeek eta falangistek 1936ko gerran izandako paperaren esker onez. 1951tik dago sinboloa Nafarroako Jauregiko paretan, Fructuoso Orduña eskultore nafarrak egindako frisoaren barruan.

Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak iragarri zuen gobernuaren neurria, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez. Aderazi zuenez, Nafarroako Gobernuak “Nafarroako espazio publikoaren demokratizazioan irmo aurrera egiteko asmo sendoa du, ideien defentsan indarkeriaren erabilera goratzen duten Frankismoaren eta Gerra Zibilaren ikurren ezabatzeko lanari helduz”. Nafarroako Parlamentuak 2012ko abenduaren 21ean onartu zuen “laureada” ezabatzeko mozioa. PSNk, Geroa Baik, Aralarrek, Bilduk eta Ezkerrak bat egin zuten erabakiarekin. PPk kontra bozkatu zuen, eta absentzioaren alde egin zuen UPNk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.