Nafarroako Gobernuaren murrizketengatik herrialdeko hezkuntza publikoko kalitatea arriskuan dagoela iritzita, arloko hainbat eragilek deituta urriaren 22an manifestazioa egingo dute Iruñean, gaur prentsaurrekoan jakinarazi duenez. "Kalitatezko irakaskuntza publikoaren alde" egingo dute martxa —"Nafarroako jendarte osoarentzat ekitatearen eta gizarteratzearen bermea delako"—, eta murrizketen aurka. Irakaskuntza publikoaren manifestua argitaratu dute.
Eragileek uste dute Nafarroako Gobernuak dirua izan baduela, baina ez duela hezkuntza publikoa hobetzeko erabili nahi. Parlamentariei "atzerapausorik" ez emateko eskatu diete.
Gobernuari, berriz, murrizketa gehiagorik ez egiteko exijitu diote, eta "ahal den azkarren hezkuntzako inbertsioan zegoen urteroko gorako joera errekuperatzeko". "Gure seme-alabentzako hezkuntzarik hoberena nahi dugu. Krisi hau dela-eta gure oraina hipotekatu dugu, baina ez dezagun etorkizuna arriskuan jarri".
Urriaren 27rako deituta dagoen greba babestu egin dute.