Nafarroako Kontseiluak baliogabetu egin ditu Onzinedako hitzarmenak eta eranskinak, eta, horrenbestez, hainbat milioitako kalte-ordainak pagatzeko arriskutik atera du Lizarrako Udala. Kontseiluaren erabakia irmoa da, eta ez dago helegiterik aurkezteko aukerarik. Horrez gain, ebazpenak gaitzetsi egin du Maria Jose Fernandez eta Begoña Ganuza PSNko eta UPNko Lizarrako alkate ohien kudeaketa. Kontseiluaren esanetan, "ez zuten hitzarmenak eta eranskinak sinatzeko eskumenik", eta "interes pribatuen mesedetan" jardun zuten.
Balizko kalte-ordainek egoera zailean utz zezaketen Lizarrako Udala, Asun Olaetxea Nafarroako Kontu Ganberako presidenteak baieztatu zuenez. Izan ere, 14,6 milioi euro pagatu behar izateko arriskua zuen.
"Arrisku handi batetik libratu dugu gure hiria", adierazi du Koldo Leoz egungo EH Bilduko alkateak. Udalak hitzarmenak bertan behera utziko dituela iragarri du, izan daitezkeen erreklamazioak sahieste aldera. Erabakia ekaineko osoko bilkuran hartuko du udalbatzak.
Bestalde, alkateak iragarri du Fernandezek eta Ganuzak izan duten ardurarengatik erantzutea eskatuko duela.
Nafarroako Parlamentuak Onzinedako proiektua ikuskatzeko eskatu zion Nafarroako Kontuen Ganberari, eta hark txosten bat osatu zuen.
2005ean, Lizarrako udalbatzaren gehiengo handi batek Onzinedako lursailean kiroldegi bat egiteko proiektua egitea adostu zuen. Horretarako, 89.000 metro koadroko lurraren desjabetzea planteatu zen. Ibarra izeneko tokian eraikigarriak ziren zoruen ordez trukatzea planteatu zitzaien jabeei. Itun eta eranskin horiek 2006 eta 2008 artean sinatu zituzten orduko bi alkateek: PSNko Maria Jose Fernandezek 2007ko maiatzera arte, eta, hortik aurrera, UPNko Begoña Ganuzak.
Kontuen Ganberak nabarmendu zuenez, hitzarmenak eta eranskinak "Udal Gobernu Batzordearen baimenik gabe sinatu zituen alkateak", eta ez dago erabaki hori teknikoki, juridikoki edo ekonomikoki justifikatuko lukeen txostenik. "Eranskinen kasuan hori azpimarragarria da", ohartarazi zuen ganberak. Ganuzak metro koadroa 108 euroko prezioan baloratzen zuen eranskina izenpetu zuen, eta, aurretik egindako akordioen arabera, lursailen jabeek preziorik garestiena jasotzeko eskubidea lukete.
Epaitegiek Onzinedako proiektua baliogabetu zuten, eta, udalak ez zuenez bete aldez aurretik hitzartutako zortzi urteko epemuga, bi jabeek epaitegietara jo, eta preziorik garestiena ezarri zuen epaileak.