Nafarroako Kutxa sakon ikertzeko eskatu du ezker abertzaleak

UPNren porrota agerian gelditu dela eta Nafarroak beste estatus bat behar duela esan du Maitane Intxaurragak

Iruñea
2012ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Kutxaren (CAN) kudeaketa «sakon» aztertzeko eta «desagertze prozesua» ikertzeko eskatu du Nafarroako ezker abertzaleak. Kontuz plataformak Jesus Pejenaute Nafarroako Gizarte Politikako kontseilari ohiaren aurka ustelkeria salaketa aurkeztu zuen joan den astean, 2007ko otsailean, Nafarroako Kutxako arlo komertzialeko zuzendariorde zela, aste batean 180.000 euro zuritzeko hiru operazio agindu izana egotzita. «Zikinkeria horietan zuen inplikazioa jakinda, Barcinak zergatik izendatu zuen kontseilari eta isildu zuen zeukan informazioa?», galdetu du Maitane Intxaurraga ezker abertzaleko kideak.

Auzi horrek UPNren «kudeaketa iluna eta ustelkeria» agerian utzi dituela eta, hortaz, hauteskundeak aurreratzea beharrezkoa dela iritzi diote Txelui Moreno eta Maitane Intxaurraga ezker abertzaleko kideek. Nafarroako Kutxaren aferarekin gizarteak ekonomia kudeatzeko tresna garrantzitsu bat galdu duela ere ohartarazi du Intxaurragak.

Ezker abertzaleko kidearen irudiko, joan den astean egindako Nafarroako egoerari buruzko eztabaidak UPNren «bakardadea» erakutsi du. «Lurraldearen eredu aldaketa» behar dela esan du Intxaurragak. Dioenez, «demokraziaren bidetik» eraiki behar da estatus berria, «mahai gainean jarri behar dira aukera guztiak eta herritarrek erabaki behar dute etorkizuna». Alde horretatik, herri mobilizazioak «ezinbestekoak» dira, eta «oposizio guztiaren arteko elkarrizketa» bultzatu nahi du ezker abertzaleak. «Nafarroak izan behar duen estatusa eta behar dituen lurralde harremanen inguruko eztabaida mahai gainean dagoen honetan, aldaketa sozial eta politikoaren premia dago». Beraz, ezker abertzalearentzat, hauteskundeak aurreratzea ezinbestekoa da

UPNren ekonomiaren kudeaketa ere salatu du Intxaurragak, «ezintasunean» geratu delako. Izan ere, horren erakusle dira Nafarroak duen «langabezia maila dramatikoa eta zerbitzu publikoetako murrizketak». UPNk heldu den urterako aurrekontuak gutxiengoan egonda aurkeztu dituela ere nabarmendu du. Hori dela eta, «legebiltzarreko gehiengoaren ezetza jasotzera kondenatuta daude», ezker abertzalearen irudiko. Era berean, gaitzetsi egin du UPNk «azpiegitura erraldoiei» ematen dien lehentasuna, AHT abiadura handiko trena eta Nafarroako Kanala kasu.

Gainera, Intxaurragak ez du ulertzen Nafarroako Gobernuak Bildurekin eta ezker abertzalearekin duen «obsesioa»; ezker abertzalearentzat gobernua ez da jabetzen «herri honetan sortutako aukera eta egoera berriaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.