'CAN Auzia'

Nafarroako Kutxako auzi osoa artxibatzea erabaki du Benito epaileak

Kontuz elkarteak eta UPDk eskatutako eginbideak ez ditu onartu Iruñeko instruktoreak: Kutxako kargudunen senideei ustez emandako maileguen ingurukoa ere itxi du. Dokumentazio guztia Banca Civicaren burtsaratzea ikertzen ari den Espainiako Auzitegi Nazionalera igorriko du, epaitegiak nahiko balu.

Berria.info
2013ko urriaren 3a
15:22
Entzun

Kontuz-ek eta UPDk 'CAN auzia'-k jarrai zezan egindako azken ahaleginak huts egin du, behin betiko ixtea erabaki baitu Mari Paz Benito Iruñeko 3. zenbakiko instrukzio epaileak, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez. Dagoeneko artxibatuta zeukan eroskeriagatik — edo dieten auziagatik— Batzorde Iraunkorreko kide Miguel Sanz, Alvaro Miranda, Enrique Maia, eta Enrique Goñi inputatu zituen kausa. Joan den uztailaren 24an Yolanda Barcina ez inputatzeko Espainiako Auzitegi Gorenak hartu zuen erabakiak jokaleku gabe utzi zuen Benito, eta orain auzi osoa artxibatzea erabaki du.

Hortaz, aurretik artxibatu zuen dieten auziaz gain, kutxako arduradunen senideek jaso zituzten maileguetan egon zitekeen delituei buruzko eginbideak ere artxibatu ditu Benito epaileak, eta hortik erator zitezkeen auzibideak ere ezerezean geratu dira, gobernuko kideen kontrako prebarikazio susmoak, besteak beste. Batzorde Iraunkorreko bileren akten artxibo elektronikoei buruz Guardia Zibilak egindako txostena ere mahai gainean zuen, hamabi eta hamasei artxibo artean aldatu egin zituztela dioena, horietako bi epaitegietan salaketak jarri ondoren, gainera. Baina hori ere ez du kontuan hartu bere erabakian.

Auzitegi Gorenak Barcina ez inputatzeko hartutako erabakiak eragina izan du Benito epailearenean. Gorenak ez zuen aintzat hartu Benitok Barcina inputatzeko eginiko eskaera. Gorenak dieten auzia aztertu zuen bakarrik, eta ebatzi zuen Barcinaren parte hartzea batzorde iraunkorrean ez zuela Nafarroako presidente edota alkate karguak ahalbidetu, eta beraz, ez zegoela ustelkeria delitu zantzurik.

Gorenak, halere, ez zuen maileguen atala aztertu, ikerketa hori Benitoren eskuetan jarraitzen baitzuen. Maiatzean, Benitok Nafarroako Kutxak bere kontseilariei, euren enpresei edo senideei abantailazko kredituak eman zizkien argitzeko txostena egitea eskatu zion Espainiako Bankuko aditu bati, eta ondorioen zain zegoen. Orain, auzia artxibatu egin du epaileak eta horren berri emango dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6 Zenbakiko Epaitegiari. Epaitegi hori ari da Banca Civicaren sorrera eta burtsan sartu zeneko prozesua ikertzen. Iruñeko auzitegiak eginiko ikerketak eskatu ditzake epaitegiak. Auzitegi Nazionalean irekita dagoen auzian inputatuta daude Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Enrique Goñi kutxako zuzendari ohia eta Alberto Pascual idazkari nagusi ohia, Banca Civicaren parte diren beste aurrezki kutxa batzuetako buruzagiekin batera.

Era berean, Guardia Zibilak ere duela bi hilabete CANeko egoitza nagusiko ordenagailuak ikertu zituen. Batzorde Iraunkorreko akta batzuk manipulatu zirela baieztatu zuen ikerketak, baina auzia behin betiko artxibatzea erabaki du epaileak. Barcinaren kasuan, Gorenak ez zuen beharrezkotzat jo akten balizko manipulazioaren txostena egitea. Horrek bide berri bat ireki zezakeen, baina Gorenaren erabakia tarteko, Benitok ikerketa bide hori ere alboratzea erabaki du.

Hala, galdera asko geratu dira erantzun gabe: Batzorde Iraunkorra osatzea nork erabaki zuen, edo nork antolatu zituen saio bikoitzak eta ordainduak: nork aldatu zituen aktak, zeren arabera eta nork aginduta, edota zenbat sinatu zituzten Barcinak eta Sanzek, besteak beste.

Barcina "pozik"

Barcina "pozik" azaldu da epailearen erabakiarekin, eta adierazi du UPNko agintariak beti aritu direla "legearen barruan" eta horrek agerian uzten duela haien "ohoragarritasuna". Bestalde, salatu du eragile "askok" erablli dutela justizia "politika egiteko", haren gobernuaren aurka egiteko.

PSNko Juan Jose Lizarberentzat, berriz, “arrazoizkoa eta logikoa” da auzitegiaren erabakia; "are gehiago Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren". Oposizioko gainontzeko alderdiek, berriz, adierazi dute Nafarroako Kutxan zer gertatu zen jakin nahi dutela. Aralar-NaBaiko eledun Patxi Zabaletaren arabera, beharrezkoa da “ikerketa sakon bat” egitea, eta hori Nafarroako Parlamentuan ere egin daitekeela adierazi du, nahiz eta orain arteko saio guztiek porrot egin duten, “UPNk eta PSNk bat egin dutelako”. Bilduko Maiorga Ramirez ere kritiko azaldu da erabakiarekin, eta esan du Benito epailearen erabakian eragina izan duela auzia Espainiako epaitegietara bidali izanak. Ramirezek gaineratu du “ziklo politiko berri bat” ireki behar dela Nafarroan, besteak beste, “UPNk kutsatu dituen espazioak” garbitzeko. Geroa Baiko Manu Aierdik ere azalpenak eskatu ditu, baita PPNko eta Ezkerrako bozeramaileak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.