Nafarroako lan deialdietan ingelesa %10 baloratzen da, baina euskara batere ez

Behatokiaren arabera, 2001etik 2008ra kaleratutako lanpostuen %1,2 kasutan baino ez zuten euskara baloratu

Iruñea
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko lan deialdi publikoetan ingelesez jakitea baloratzen da, baina euskaraz jakitea ez da aintzat hartzen. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Administrazio Euskaraz taldeak, eta ESK, LAB, EILAS eta ELA sindikatuek atera duten ondorioa da, azkenaldian kaleratutako lan eskaintzak aztertu ondoren. Beraz, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten langileak ez dituztela ziurtatuko salatu dute.

2008an Nafarroako Nazioarteko Plana onartu zuten, eta ebazpenean funtzio publikoan ingelesez jakitea %10eko balioarekin baloratuko dela esaten da. Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak esan duenez, azkenaldian egin diren lan eskaintza publikoko 25 deialditan txertatu da ingelesezko proba. Gainera, bi deialdietan erabakigarria izan zen ingelesez jakitea. Euskaraz jakitea, aldiz, ez da baloratu, nahiz eta Euskararen Legearen arabera administrazioak hizkuntzaren ezagutza eta erabilera babesteko eta sustatzeko betebeharra izan. Horregatik, lan eskaintza publikoetan ingelesa «merezimendu» gisa hartzea eta euskaraz jakitea ez baloratzea «lege iruzurra» dela deritzo.

Petriatik nabarmendu du Nafarroako Gobernuak, «trikimailu» horrekin, euskaraz jakitea baloratzeko arauak saihestu nahi dituela. Behatokiko buruak gogora ekarri du behin eta berriz Nafarroako Gobernuak esaten duena: «Profesional onak behar ditugu, eta ez euskaraz hitz egiten dutenak». Petriatik adierazi du hautapen prozesuan ingelesa, hau da, «Nafarroako ofiziala ez den hizkuntza bat» baloratzen bada, euskara atzerriko hizkuntzen pare jartzea dela, «nahiz eta euskara Nafarroako eremu geografiko jakinetan ofiziala izan».

Puntuazioa

Berez, Nafarroako lan eskaintza publikoetan euskaraz jakiteagatik %6ko puntuazio lor daiteke merezimendu gisa. Herritarrekin izan beharreko harreman mailaren arabera, %10era irits daiteke. Eremu mistoan, esaterako,%3ko puntuazioa izatetik %6koa izatera irits daiteke. Datuek, ordea, kontrakoa diote: 2001etik 2008ra kaleratutako lanpostuen %1,1 kasutan baino ez zuten eskatu euskaraz jakitea, eta %1,2 kasutan merezimendu gisa baloratu zuten.

Haatik, euskaldunei zerbitzua eskaintzeko eta hizkuntz eskubideak bermatzeko, ezinbestekoa da euskararen jakite maila baloratzea lan eskaintza publikoetan, Garbiñe Petriatiren arabera. Neurri horiekin baina, gobernuak euskaldunek eguneroko bizitzan jasan behar duten «diskriminazioa betikotzen du», haren iritziz. «Horrek izen bat du: hizkuntza eta kultur genozidioa, edo glotozidioa».

Duela gutxi erizainen deialdian gertatutakoa ekarri du gogora Behatokiak. Erizainak kontratatzeko deialdian ez zen euskarabaloratu, nahiz eta legeak horrela eskatu. Haatik, deialdiarekin aurrera egin zuten, eta lanpostuak bete zituzten. «Iruzurra» ikusirik, helegitea jartzea erabaki zuten batzuek, eta helegitea jarri zutenei arrazoia eman zien epaileak gerora: epaileak nabarmendu zuen euskaraz jakitea baloratu behar dela esaten duela legeak. Arazoari aurre egiteko, baina, Nafarroako Gobernuak «lanpostuak ugaritu» dituela salatu dute eragileek. Azkenaldian izandako lan eskaintzei ere helegiteak jarriko dizkietela aurreikusi dute eragileek.

Eusko Jaurlaritzak laster onartuko duen lan eskaintza publikoaren legea ere ahotan izan zuten Nafarroako euskaltzaleek atzoko agerraldian, eta «hiru urrats» atzera egitea ekarriko duela nabarmendu zuten. «Ingelesa ematen duen irakasle batek ez duela zertan euskara jakin esaten dute lege proposamenean Jaurlaritzako arduradunek, baina hezkuntza ikasgai bat baino zerbait gehiago da, eta euskara eskatu egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.