Osasuna

Nafarroako landaguneetan osasun zerbitzua bermatzeko legea geldiarazi du PSNk

Abstentziora jo dute sozialistek, eta UPNk eta PPk kontra bozkatu dute. 170 udalek proposamen bateratua aurkeztu zuten osasun zerbitzu "duina" legez bermatzeko.

160 udaletako ordezkariak, urtarrilean, lege ekimena parlamentura eramaten. I. URIZ, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko martxoaren 13a
07:17
Entzun

Nafarroako Parlamentuak ez du onartu landaguneetan osasun zerbitzua legez bermatzeko eskaera. PSN, UPN eta PP ez beste alderdiek ontzat jo dute 170 udalek parlamentura eraman zuten lege ekinbidea, eta alde bozkatu dute. PSN abstenitu egin da, eta proiektua aurrera ateratzea eragotzi du, "gaixoen larritasuna irizpide geografikoen gainetik" dagoelakoan. Samuel Caro parlamentariak azaldu du artatu beharreko kasu bakoitzaren "lehentasuna" eta "azkartasuna" erabakitzea osasuneko profesionalei dagokiela. Halere, legearen sustatzaileen "hilabeteetako lana" ezerezean ez uzteko prest agertu da. "Gobernuaren jarrera ez da egokia izan, baina proposamena asko hobe zitekeen eduki aldetik", ohartarazi du.

Besteak beste, landaguneetako larrialdi zerbitzua ziurtatzea nahi dute, Amparo Viñuales Erronkariko zinegotziak parlamentuan jakinarazi duenez. Haren arabera, herri horietako bizilagunak kezkatuta daude sendagile nahikoak osasun etxeetan ez egoteagatik eta mozketen eraginez jasaten ari diren arazoengatik. "Estu gabiltza". Anbulantzia eta garraio publikoarekin ere izan dituzte gorabeherak, mendi inguruetara iristen ez direlako edo "beranduegi" heltzen direlako. Sarbideak hobetzea ere gura dute. Viñualesen esanetan, "baztertuta" sentitzen dira hein handi batean, eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eskatu dute. "Besteen adinako zerbitzuak nahi ditugu". 

PSN "giltzarri" zen

Nafarroako Gobernua landaguneetako herrietan murrizketa etengabeak egiten ari dela ikusirik, 170 udalek elkar hartu eta osasun zerbitzu aproposa jasotzeko proposamen bateratua osatu zuten, orain dela bi hilabete. Zerbitzua bermatzeko, lege ekinbide bat eraman zuten parlamentura. Hasiera batean, 160 udalek bat egin zuten. Orduz geroztik, baina, hamar gehiago batu dira.

Udalen egitasmoak hasieratik lortu zuen oposizioko lau talderen babesa. Bilduk, Aralar-Nabaik, Ezkerrak eta Geroa Baik aldeko botoa emateko asmoa agertu zuten; UPNk eta PPk, berriz, kontrakoa. PSNren jarrera, ordea, argitzeko zegoen. Sozialistak "giltzarri" ziren proiektua tramitera onartzeko, haien babesa nahitaezkoa baitzen. Sustatzaileak itxaropentsu zeuden; izan ere, PSN proiektuaren alde agertu baitzen udal askotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.