Gaur Ebro ibaiaren emariak behera eginen duela espero du Nafarroako Gobernuak, baina oraindik ere handia izango da. Horregatik, alerta egoera daude Mendabian eta Castejonen. Alerta egoera berean daude Andosillan, Ega ibaiak gainezka egin dezakeelako. Funesen ere antzekoa da egoera eta adi daude Argaren ur emariari. Tuteran eta Buñuelen oraindik ura daukate hainbat kaletan. Zenbait errepidetan ere arazoak daude: Nafarroako N-113 errepidea itxita egon da, Castejon parean.
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak gidatuta bilera egingo du gaur Gobernuak uholdeen kalteak baloratzeko. Bihar, Espainiako Gobernuarekin bildu baita Nafarroako Gobernua, Aragoi eta Errioxako Gobernuetako ordezkariekin batera. Ebroren egoera baloratuko dute, eta hura nola garbitu.
Bi hildako izan dira egunotan Nafarroan: atzo, gizonezko bat hil zen Fustiñanan, traktorearekin Ebro ibaian sartuta. Hala ere, larrialdi zerbitzuek ez dute baztertzen arrazoi naturalak direla medio hil izana. 60 urte inguru zituen. Asteazkenean, beste gizonezko bat hil zen Arruazun, paseoan ari zela Arakil ibaira erorita.
Uholdeetarako plana bertan behera
Pixkanaka-pixkanaka ari dira ibaiak beren ur emari ohikoetara itzultzen. Hala, Eusko Jaurlarizak bertan behera utzi du uholdeetarako plan berezia. Hala ere, egunotan egindako euriteek eragin ditzakete kalteak oraindik; luizi arriskua handia baita.