«Nafarroako lehen indarra izateko jaio gara»

Eskuinaren «monopolioa» hautsi nahi du Amaiurrek; alderdi ezkertiarren «batasuna» eskatu dute

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Eskuinak Nafarroan duen «monopolioa» hautsi nahi du Amaiurrek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Sabino Cuadra Espainiako Kongresurako zerrendaburuak hala azaldu zuen atzo, eta zehaztu zuen koalizioak bozetan Nafarroako bigarren indar bihurtzeko helburua duela.

Hala, Cuadraren ustez, igandeko hauteskundeetan herritarrek Amaiur «saritu» egingo dute, «batasunaren» alde egindako lanagatik. «Batasunaren aldeko apustua egin dutenak sarituko dituzte bozek, eta desberdintasunak nabarmendu dituztenak, berriz, zigortu».

Azaldu zuenez, hauteskundeen aurretik, krisiari ezkerretik aurre egiteko «elkartasunerako dei irekia» egin zen. Guztiek ez zuten bat egin, ordea. Alderdi horiek desberdintasunak zergatik nabarmendu dituzten azaldu beharko dutela adierazi zuen Cuadrak, Geroa Bai osatzen dutenalderdiei egindako adierazpenetan.

Batasunaren alde agertu zen Arturo Goldarazena Espainiako Senaturako hautagaia ere. Amaiurri botoa ematen ez dionak zatiketa sustatzen duela esan zuen. Koalizioko kidearen aburuz, «batzeari uko egiten dionak Nafarroako gizarteak eskatzen duen aldaketa politiko eta sozialean parte hartzeari uko egiten dio. Aldaketarako, denok gara beharrezkoak».

Eskuineko alderdiei indarra kentzeko era bakarra alderdi ezkertiarrak Nafarroan elkarrekin egotea dela adierazi zuen Goldarazenak. Amaiur «Nafarroako lehen indarra izateko jaio» dela gaineratu zuen. Horregatik, kritiko izan zen koalizio abertzalearen kanpoan geratzea erabaki dutenekin. «Murrizketekin eta zerbitzu publikoen ahultzearekin larrituta» dauden herritarren botoa eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.