gizartea

Nafarroako ospitale publikoetako sukalde kontroletan 22 gabezia topatu dituzte

Sukaldean aritzen diren langileen janzkera desegokiak, elikagaiak manipulatzeko praktika txarrak, edalontzi eta plateren garbiketa kaxkarra, eta instalazioen higiene eskasa. Horiek dira, besteak beste, Nafarroako Osasun Publikoko ordezkariek ospitale publikoko sukaldeetako kontroletan aurkitu dituzten gabeziak. 

2013ko apirilaren 24a
15:28
Entzun

Nafarroako ospitale publikoetako sukalde zerbitzuari egindako kontroletan gabeziak aurkitzen jarraitzen dute. Azken hilabeteotan hainbat akats zuzentzen joan diren arren, beste batzuk "errepikatu" egiten dira. Gabezia horiengatik jarri zioten martxoaren 6an 6.000 euroko zigorra Mediterranea de Catering enpresari, kontratuan agertzen ziren puntuak ez betetzeagatik, eta apirilaten 6an beste espediente bat zabaldu zioten, hainbat berrikuntza eginda ere, oraindik akatsak agerikoak zirelako.

Agurtzane Jimenez osasun publikoaren inspektoreak azaldu duenez, sukaldean aritzen diren langileen janzkera desegokiak, elikagaiak manipulatzeko praktika txarrak, edalontzi eta plateren garbiketa kaxkarra, instalazioen higiene eskasa, sukalde inguruan janari arrastoak, oilasko kaxak lurrean, eta izoztutako elikagaien kontserbazio txarra detektatu dituzte. "Enpresak arduratu behar du janariak egoki eta baldintza onean eman daitezen".

Prestatutako 32 plater aztertuta, 11 behar baino tenperatuta baxuagoan zeudela ere jakinarazi du Jimenezek. Hala ere, ez dute kutsatutako janaririk aurkitu. Dena den, enpresari eskatu dio higieneari dagozkion beharrak bete ditzala.

Zerbitzua martxan jarri zutenetik atzemandako gabeziak konpontzeko ezintasuna kritikatu du Aralar-NaBaik, eta Bilduk, berriz, enpresaren eta osasun departamentuaren jarrera iluna salatu du. UPNk argudiatu du enpresa horri beste edozeini baino kontrol gehiago ezartzen zaizkiola, eta hala ere, osasuna arriskuan jartzen duen ezer ez dutela topatu jakinarazi du.

"Hutsak bai, baina akats larriak ez"

"Ez gara perfektuak; hutsak egin ditugu, eta nahi ez genituen gertakariak jazo dira". Horixe erran zuen Mediterranea de Catering enpresako presidente eta zuzendari nagusi Mariano Muñozek, Nafarroako Parlamentuan, martxoaren amaieran egin zuen agerraldian, Osasun Batzordeko parlamentarien aurrean, Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeetako zerbitzuagatik jaso dituzten kexen harira.

Hutsak onartu bai, baina huts horien ardura bere gain hartzeko prest ez zen agertu. Ez erabat, behintzat. Batetik, ukatu egin zuen enpresak "akats larriak" egin eta "arduragabekeriaz" jokatu duela. "Salaketa horiek ez dira egiazkoak". Hainbat haurri kafea, eta diabetea duten zenbait gaixori gailetak eman izana ez dela "arduragabekeriaren ondorio" izan erran zuen Mediterraneako arduradunak. "Halaxe erabakitako dietak izan dira, eta ospitaleak berak sinatu ditu", azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.