Nafarroako ostalariek goizaldeko ordubatetan itxi beharko dituzte ateak

Gazteen arteko kutsatzeak hesitzeko asmoz onartu zuen neurria Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren onespena du

Lagun kuadrilla bat Iruñeako taberna batean jaten, sanfermin bezperan. JESUS DIGES/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 7a
11:05
Entzun

Gaur sartu da indarrean Nafarroako Gobernuak iragarritako dekretu berria, eta «gutxienez hamabost egunez» ostalaritzak goizaldeko 01:00etan itxi beharko ditu ateak herrialdean. Neurri honek astebete aurretik ezarritako malgutzea moztu du, Osasunbideak azken asteotan atzeman dituen positiboa biderkatzean. Positibo gehienak gazteen artean izan dira, kutsatuen %86k 15 eta 18 urte artean izan ditu, eta zenbait ikasturte bukaerako bidaietan izandako agerraldiekin lotu dituzte horietako asko. Hain zuzen ere, kutsatzeen goraldia joan-etorriak eta eremu itxietako sozializazioa areagotzearen ondorioz izan dela azaldu zuen Santos Indurain Osasun kontseilariak, eta ildo horretatik hartu dituzte neurri berriak.

Izan ere, dagoeneko mila positibo inguru atzeman ditu Osasunbideak Saloutik (Herrialde Katalanak) bueltatutako ikasleen artean. Delta aldaeraren presentziak kezkatzen ditu, bereziki, kutsatuetako askok aldaera hori baitute, eta kutsakorragoa dela ondorioztatu dutenez, osasun neurriak areagotzeko beharra azpimarratu dute. Datozen egunetan ospitaleratzeen egoera adi jarraituko dutela ere adierazi zuen atzo Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakari ordeak, kutsatzeek horretan eraginik duten edo ez aztertu ahal izateko.

Ikasturte bukaerako bidaietan kutsatutakoen etorrerak bat egin du sanferminetako datekin, eta horrek ere izan du zerikusia ostalaritza mugatzeko orduan. Atzo bertan eman zion bere onespena Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak neurri horri, «txertatu gabeko biztanleriaren, alegia gazteen, kutsatzeak hesitzeko neurri egokia, beharrezkoa eta proportzionala» dela iritzita. Epaiak berak ere lotura ezarri du gazteen arteko kutsatze kopuruaren eta ikasturtea bukatu eta gero neurriak leuntzearekin, baita bizitza soziala eta gaueko aisialdia areagotzearekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.