Nafarroako zenbait ostalaritza elkarteri «ez eraginkorrak» iruditzen zaizkie Nafarroako Gobernuak ostalaritzari ezarritako neurri murriztaileak, eta, hain zuzen ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dutela jakinarazi dute. AEHN Nafarroako Ostalaritza eta Turismorako Elkarteak eta Anapeh Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak jarri dute martxan prozesua, «ebidentzia zientifikoek» neurri horiek babesten ez dituztela argudiatuta. Salatu dute gobernuak ez duela jarri martxan ekonomia eta osasuna uztar ditzaketen beste neurri batzuk; aireztapen sistemak eta CO2aren kontrola, esaterako.
Egun, Nafarroako tabernek itxita izan behar dute barnealdea; terrazak baino ezin dituzte erabili. %100eko edukiera izan dezakete han, gaueko 21:00ak arte.
Nafarroako ostalariek Arabakoen, Bizkaikoen eta Gipuzkoakoen bide bera jarraituko dutela jakinarazi dute, eta Nafarroako Gobernuak ezarritako neurriei helegitea jarriko diete. Azpimarratu dute neurriek «milaka familiari hondamendia» ekarri dietela, eta salatu dute egoera luze doala ostalarientzat. Gogorarazi dute 3.000 langile inguruk galdu dutela lana sektorean, langile guztien %17 inguru, eta 500 milioi euroko galerak izan direla. Horregatik, gobernuak sektorera bideratutako laguntzak «nahikoa» ez direla uste dute.
Kopuru horiek «katastrofikoak» direla azaldu dute, are gehiago ezarritako neurriek kutsatzeen beherakadan eraginik ez dutela ondorioztatu dutelako. Hori horrela, ezarritako neurrienganako sinesgarritasunik eza hazten ari dela salatu dute elkarteek, eta «egunetik egunera sakonagoa den» krisi ekonomikoa hauspotzen dutela.