Nafarroako Parlamentuak "ahalik eta azkarrena" indargabetuko du Ikurren Legea. Horren ordez, lege berri bat adostuko dute, Nafarroako herritarrek "sentitzen dituzten ikurrak eta aniztasuna" kontuan hartuko dituena. EH Bilduko Adolfo Araizek azaldu du lege berri hura idazteari "ziur udazkenean" ekingo diotela.
Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdien aldeko botoa jaso du adierazpen instituzionalak; UPNk eta PPk kontra bozkatu dute. PSNk adierazpeneko puntu baten alde bozkatu du soilik; beste bi puntuek sozialisten kontrako botoa jaso dute.
Lehen puntuak dio elkarbizitzaren, aniztasunaren, normaltasunaren, demokraziaren eta herritarrek "sentitzen" dituzten ikurrekiko errespetuaren aldeko apustua egiten duela Nafarroako Parlamentuak. Bigarren puntuak dio Auzitegi Nagusiaren sententziak agerian uzten dituela egungo legeak dituen gabeziak, "ikur legal bat" debekatzen baitu, herritar gehienek eurena sentitzen dutena. Azken puntuak dio "ahalik eta azkarren" indargabetuko dutela indarrean dagoen legea.
Era guztietako erreakzioak izan ditu erabakiak. UPNren bozeramaile Javier Esparzak salatu du Ikurren Legea dela indargarbetzearen alde bozkatu duten alderdien "kezka bakarra". Geroa Baiko Koldo Martinezek, ordea, nabarmendu du legearen erreforma beharrezkoa dela, integratzailea izan dadin. Ildo horretatik hitz egin du Ezkerrako Jose Miguel Nuinek; uste du egungo legeak gatazkak sortzen dituela, "baztertzailea" delako.