HEZKUNTZA

Nafarroako Parlamentuak atzera bota du irakasleen agintea indartzeko lege proposamena

PPk aurkeztutako testua "absurdua" eta "errepresiboa" dela aurpegiratu diote gainontzeko talde parlamentario guztiek.

Ana Beltran PPko legebiltzarkidea, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko irailaren 15a
09:00
Entzun

Bakarrik gelditu da PP Nafarroako Legebiltzarrean, ikasgeletan irakasleen autoritatea indartzeko asmoan. PPko bi legebiltzarkideen aldeko botoak kenduta, Irakasleen Autoritatearen Aldeko Foru Lege Proposamenaren aurka egin dute talde parlamentario guztiek.

UPNk eta Geroa Baik nabarmendu dutenez, PPk aurkeztutako lege proposamenean ezarritako neurri gehienak "alferrikakoak" lirateke, LOMCE legeak indarrean jarri baitzituen jada.

Alberto Catalan UPNko legebiltzarkidearen esanetan, Nafarroan "mozio, dekretu eta arau ugari" adostu dira irakasleen aurkako erasoen arazoa konpontzeko, eta egungo protokoloak eguneratzearen alde egin du.

"Gure ustez, testu honek ez du ez hankarik ez bururik. Aurretik legislatua zegoena kopiatu eta itsatsi besterik ez duzue egin", esan du Geroa Baiko Koldo Martinezek. Haren irudiko, bizikidetza "nekez" bermatuko da "bide errepresiboak erabilita".

Hezitzaileei "autoritate publiko" izaera emanda PPk aurkeztutako lege proposamenak "ikasleei emanen liekeen eredu negargarria" nabarmendu du EH Bilduko Esther Korresek.

Ahal Dugu-ko Tere Saezek "hezkuntzaren judizializazioa" inposatu nahi izatea egotzi dio PPri, eta hezkuntza sektoreko sindikatuen aldarrikapenak bere mesedetan erabiltzea. "Irakasleen autoritatea indartzea ondorioei soilik erreparatzea da, indarkeriaren erroetara jo gabe", gaineratu du.

Carlos Gimeno PSNko parlamentariak ere lege proposamena onartzeko inongo beharrik ez dagoela esan du, "plazebo hutsa" dela iritzita: "Ez du inongo fruiturik emanen, eta irakasleen egoera ez du hobetuko". Horrez gain, ikasleekiko "errespetu falta bat" dela gaineratu du Gimenok.

Ezkerra koalizioko Marisa de Simonek, azkenik, "autoritarismoa eta hezkuntza eredu tiranikoa" ezarri nahi izatea leporatu dio eskuinari. "Ikasleak sozializatzea, elkarbizitzan heztea eta balioak irakastea da hezitzaileen helburua. Eta irakasleen duintasuna, autoritatea eta errespetua sustatu nahi badituzue, ez aplikatu murrizketarik. Irakasleek inbertsio handiagoa eta baliabide gehiago behar dituzte, eta propaganda gutxiago".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.