Bertan behera. Halaxe utzi du Nafarroako Parlamentuak Osasun Departamentuak bultzatutako erreforma. Oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak abenduan. Testuak osasun etxeetako eta landa eremuetako larrialdi zerbitzuetako jarduerari eragiten zion, batez ere, eta hasieratik, aldaketen aurka agertu ziren osasunaren esparruko sindikatuak, profesionalak eta udaletako ordezkariak. Agiria atzera bota du orain Nafarroako Parlamentuak, PSNk, Bilduk, NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik bultzatutako legearen eskutik. Dekretua bertan behera utzi du lege horrek, eta urtebeteko epea eman dio Nafarroako Gobernuari bertze plan bat egiteko, "denen parte hartzearekin eta adostasunarekin". Bitartean, legeari egindako zuzenketa baten bidez, 1997ko planak indarrean jarraitzea erabaki du Nafarroako Parlamentuak. Profesionalekin eta erakundeekin adostuta egin zuten 1997ko plan hori. UPNk eta PPNk gainerako taldeek proposatutako legearen aurkako boza eman dute.
Oposizioko taldeen artean poza sumatu da, bozketa amaitu eta gero. Parlamentuan bertan osoko bilera jarraitu duten sindikatuetako, udaletako eta osasungintzako ordezkariek ere txalo artean hartu dute dekretua bertan behera utzi duen bozketaren emaitza. "Pozteko moduko erabakia da, gobernua behartzen baitu prozesu parte hartzaile bat martxan jartzera, osasunaren esparruan behar diren aldaketak egiteko", erran du Baztango alkate Garbiñe Elizegik. Osasun Departamentuko egungo arduradunekin ez dela fiatzen argi utzi du, dena den, eta Marta Vera kontseilariak dimisioa eman dezala eskatu du. Hainbat parlamentarik ere eskaera bera egin dute, legearen aldeko haien hitzaldietan. Izan ere, oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko dekretua izan da Veraren proiektu nagusia azken urtean, eta bertan behera utzi du Nafarroako Parlamentuak. Nafarroako presidente Yolanda Barcinak ere hasieratik babestu du orain atzera bota duten erreforma, eta Verarekin batera agertu zen kazetarien aurrean joan den udan, osasun sistema aldatzeko asmoen berri ematera.
Dekretua atzera bota duen legea babestu duten taldeek ez dute zalantzarik. Gobernuak bultzatutako dekretuak zerbitzuaren kalitateari eta langileen baldintzei egiten zien kalte, eta pribatizazioari irekitzen zion bidea. "Zerbitzuak okerrera egiten zuen dekretuarekin", erran du PSNko Samuel Carok. "Denen aurka egindako erreforma zen", gaineratu du Bilduko Bakartxo Ruizek. "Herritarren beharrak kontuan hartu gabe egindako dekretua zen, murrizketen bidetik prestatua", erantsi du NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek. Erreformak landa eremuak baztertzen zituela azaldu du Ezkerrako Marisa de Simonek, eta Patxi Leuzak (Geroa Bai) nabarmendu du gobernuak "huts egin" duela.
Ez da iritzi berekoa UPNko parlamentari Carlos Garcia Adanero. Oposizioko taldeak "ezetzaren koordinakundeko kidetzat" jo ditu, eta haien asmo bakarra gobernuaren aurka egitea dela erran du Parlamentuan. "Urtebeteko lana bertan behera utzi duzue", egotzi die legearen alde egin duten taldeei. PPNko Enrique Martinek ere antzeko iritzia agertu du, eta dekretua babestu du.