POLITIKA

Nafarroako Parlamentuak babesa azaldu dio Altsasuko herriari igandeko ekitaldiaren aurrean

España Ciudadana plataforma ekitaldi bat egitekoa da Altsasun (Nafarroa) azaroaren 4an, Guardia Zibila errespetatu egiten da lelopean.

Nafarroako Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordearen bilera, gaur. NAFARROAKO PARLAMENTUA
2018ko urriaren 29a
17:44
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak "babes osoa" adierazi dio Altsasuko herriari, España Ciudadana plataforma datorren igandean herri horretan bertan egitekoa den ekitaldiaren aurrean. Batzordeak adierazpen bat onartu du, kritikatzeko "zenbait sektore politikok eta mediatikok" Altsasuko herriaz egiten duten "erabilera eta manipulazioa".

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu dute idatzia, eta kontra bozkatu dute UPNk eta PPNk. PSN, berriz, abstenitu egin da. Laukoa kritiko agertu da "krispazio eta tentsio giroa sortu nahi duten jarrerekiko eta jarduerekiko".

Halaber, Bozeramaileen Batzordeak txalotu egin du "bi urteotan herritarrek elkarbizitzaren, normalizazioaren, justiziaren eta proportzionaltasunaren alde izandako jarrera eredugarria", eta eskatu die "bide horretan" jarraitzeko. Testuaren puntu bat aho batez onartu da; horretan, batzordeak "bakearekiko eta elkarbizitzarekiko konpromisoa" adierazi du.

Altsasuko ekitaldiarekin bat egin dute Ciudadanosek, PPk eta Voxek. Igandekoaz galdetuta, Javier Esparza UPNko presidenteak esan du ez dela ekitaldira joango, UPN "urteko egun guztietan" dagoelako Altsasun: "Ez dugu Altsasura joan beharrik, Altsasun gaudelako". Hala ere, "ongi etorria" eman die "askatasunaren alde" agertzen diren guztiei.

Iluntzean batzar bat egingo dute herrian, igandeko ekitaldiaren aurrean nola jokatu erabakitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.