Gizartea

Nafarroako Parlamentuak bidea hasi du Espainiak kalamu klubak arau ditzan

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, PSNk eta Ezkerrak kalamu erabiltzaileen jarduna arautzen duen lege proposamen bat onartu dute, eta Kongresura bidali dute, azken horrek eztabaida dezan aintzat hartzen ote duen.

Kalamu klub batean hartutako irudia. JAGOBA MANTEROLA
Jon Rejado.
2018ko ekainaren 7a
07:32
Entzun

Kalamu erabiltzaileak arautzea Espainiaren eskumena da. Auzitegi Konstituzionalak argudio hori baliatu zuen iazko abenduan, Nafarroak gai horri buruz 2014an onartu zuen legea baliogabetzeko. Bada, Nafarroako Parlamentuak lege proposamen bat onartu berri du, Espainiako Kongresuak gaiari hel diezaion, eta erabaki dezan tramitatzen hasten den.

Onartutako lege proposamenak kalamu klubei eta erabiltzaieei “segurtasun juridikoa” emateko helburua jasotzen du zioan, gaiari buruzko “arau-esparru argirik” ez dagoelako. Horrenbestez, legearen asmoa da eskaintzea “hainbat pertsonak eta entitatek desiratzen duten segurtasun fisikoa eta juridikoa”.

Legeak 28 artikulu ditu, eta horietan xehatzen da aplikazio esparrua, kalamu kontsumitzaileen klubak eratzeko modua, eta horien antolaketa eta funtzionamendua, besteak beste. Halaber, merkatu beltzari aurre egiteko neurriak, osasun publikoa sustatzeko ekinbideak, eta kontsumoaren “osasun bermeak” ere jasotzen ditu.

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, PSNk eta Ezkerrak lege proposamena onartzearen alde egin dute. UPNk eta PPk kontrako botoa eman dute. Alderdi gehienetako eledunek lege proposamenak aurrera egingo duen itxaropena agertu dute. Nafarroako Parlamentuan alde bozkatu dutenek Madrilen hala eginez gero aukerak izan ditzakeelako aurrera egiteko.

Hurrengo pausoa da Espainiako Kongresuko mahaiak lege proposamena tramiterako onartzea. Hori gertatuz gero, Kongresuko osoko bilkuran defendatu beharko dute, eta diputatuek bozkatuko dute aintzat hartzen den edo ez. Aintzat hartzekotan, eragileen iritzia eskatu, eta proposamenean aldaketak egiteko epea hasiko litzateke. Aintzat hartuko ez balute, bertan behera geratuko litzateke proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.