Hilero, hilaren 19an, altxamendua ahalbidetu zutenen aldeko meza egiten dute Erorien monumentuko kriptan, Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak deituta. Iruñeko Artzapezpikutzaren jabetza da kripta, baina hark entzungor egin die meza horiek eteteko herri plataformen eskaerei. Horiek hala, legebiltzarrak eskatu du oraingoan omenaldi eta ospakizun horiek eteteko.
Zehazki, PSN, EH Bildu, Aralar-NaBai eta Izquierda-Ezkerrak babestutako proposamenak eskatzen dio Nafarroako Gobernuari ez diezaiola utzi Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeari Erorien monumentua erabiltzen halako ospakizunak egiten jarraitzen duen bitartean.
Bide beretik, legebiltzarrak eskatu dio administrazioari kripta horretan dauden generalen gorpuzkiak beste toki batzuetara eramateko eta Artzapezpikutzari ezabatzeko altxamenduari erreferentzia egiten dioten grabatu eta irudi guztiak.