Nafarroako Parlamentuak ez du trenbide zerbitzuari buruzko ponentziarik eginen. Sustapen Batzordeak atzera bota du Bilduk aurkeztutako proposamena. UPN, PSN eta PPN agertu dira aukera horren kontra; Bildu bera, Aralar-NaBai eta Ezkerra, berriz, alde. UPNko Marivi Castillok hasieratik argi utzi du bere ezezkoaren arrazoia: “Trenbideari buruzko ponentzia gisa aurkezten duzuena, AHTari buruzko ponentzia baino ez da”, erran dio Bilduko Maiorga Ramirezi. Eta AHTari buruz eztabaida egiteko inolako asmorik ez du agertu UPNk.
Azpiegitura horren aldeko konpromisoa berretsi du Castillok; PSNko Maite Esporrinek ere bai. Bi alderdi horiek bilera egin zuten Nafarroako AHTaren korridorea egiteko orain arteko proiektua bertan behera gelditu eta gero. Bilera horren harira, Castillok iragarri du Espainiako Gobernuarekin “negoziatzen” ari direla, “hitzarmen eta azpiegitura hobeak” lortzeko asmoz.
Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak, berriz, Nafarroak loturarik gabeko 70 kilometroko abiadura handiko trena egiteko asmoari eutsi izana kritikatu dute. Bilduko Maiorga Ramirezek nabarmendu du gobernuak eztabaidarako aukera kendu egin diola Nafarroako Parlamentuari, abiadura handiko trenari dagokionez. “Auzi horren inguruan, ordea, eztabaida, datuak, txostenak behar dira”.
PSNk trenbidearekin lotutako bertze mozio bat aurkeztu du Sustapen Batzordean. Horrek ere ez du aurrera egin, PSNren aldeko boza baino ez baitu lortu. Mozio horren helburua zen Espainiako Gobernuari eskatzea oraingo distantzia erdiko zerbitzuak bertan behera ez uzteko. Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezek “koherentzia falta” egotzi dio PSNko Maite Esporrini. “AHTaren alde ari zarete, eta AHTarekin distantzia erdiko zerbitzuak desagertuko dira”. PPNko Eloy Villanuevak erran du Espainiako Gobernua prestatzen ari den planaren eraginez Iruñea eta Castejon arteko zerbitzua dela desager daitekeen bakarra. “Iruñea-Castejon-Zaragoza zerbitzua erabili ahal izanen dute bidaiariek”.