Komunikazioa

Nafarroako Parlamentuaren gehiengoa Euskalerria Irratiaren alde azaldu da

Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak esan du Nafarroako Gobernuak bi aukera dtuela: "Arazoa behingoz konpontzea ala beste behin ere legea urratzea".

Euskalerria Irratiaren egoitza. IKER TUBIA
urtzi urkizu
2015eko martxoaren 11
08:35
Entzun

Euskalerria Irratiko zuzendariak agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordean,  Bilduk,  Aralarrek eta Ezkerrak hala eskatuta. Nafarroako Gobernuari galdegin dio “behingoz bete dezala epaileek agindutakoa, behingoz errepika dezala esleipenaren bigarren fasea, eta hori modu azkar eta justuan egin dezala”. Halaber, oroitarazi du indarrean jarraitzen duen lehen fasean Euskalerria Irratiak lortu zuela puntuaziorik onena, eta epaileek errepikatzeko agindu duten bigarren fasean onena dela epaileek beraiek izendaturiko perituen txostenen arabera.

Bere garaian, bigarren fase horretan Nafarroako Gobernuak puntuazio hobea eman zien Radio Universidad de Navarra eta Net 21 irratiei, baina epaileek hirutan ebatzi dute hori egiteko gobernuak legearen aurka jardun zuela. Espainiako Auzitegi Gorenaren duela urte beteko epaiaren ondotik, Nafarroako Gobernuak osatua du kontratazio mahaia bigarren fasea errepika dezan. Baina, Bujandak salatu duenez, "gardentasunik gabe jokatzen ari dira, mahaia noiz eta zein irizpiderekin biltzen den argitu gabe, prozesua bidegabeki luzatuz”. Gardentasuna galdegin du Bujandak; izan ere, “bada garaia behingoz Euskalerria Irratiaren eta Iruñerriko euskaldunen eskubideak urratzeari uzteko”.

Parlamentuko gehiengoak babesa adierazi dio Euskalerria Irratiari gaurko lan saioan. Bilduko Miren Aranoaren arabera, “Osasunak bezala, UPNk amarruak egin ditu partida hau irabazteko, nafar herritarren kontra, nafar hizkuntzaren kontra, aukeratzeko eskubidearen kontra”. PSNko Pedro Rasconek esplizituki adierazi dio sostengua Iruñerriko euskarazko irrati bakarrari: “Euskalerria Irratiko ordezkariek argi eduki dezatela afera honetan gure taldearen sostengua dutela, eta espero dugula hau behingoz amaitzea eta 27 urteren ondotik behingoz legez emititu ahal izatea”. Bidenabar, gobernuari esan dio prozesua azkar burutu dezala, “gurpiletan makilarik sartu gabe, prozesua luzatzeko amarrurik egin gabe”. Aralarko Nekane Perezek oso eskaera zehatza egin du: “Gobernuak epaia bete dezala, eta ez badu betetzen azal dezala zergatik ez duen egiten, zergatik duen auzi honetan halako burugogorkeria”.

UPNko eledun Maria del Carmen Gonzalezek esan du Nafarroako Gobernuak epaia beteko duela:  “Beti egiten du hori, eta prozesua oraindik amaitu ez badu izanen da oraindik badagoelako zirrikituren bat horretarako”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.