Metro koadroko 130 litro jaso dituzte Nafarroan, eta horrek arazoak eragin ditu; larriena Erronkarin izan da, gas bonbona batek eztanda eginda. Eztanda eskola publiko baten aurrean izan da, eta bi ikasle ospitalera eraman behar izan dituzte; gainera, laino toxikoa sortu da. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez bi langile erreskatatu behar izan dituzte, errekaren igoeraren ondorioz kotxean harrapatuta geratu direnean.
Lapurdin bi pertsona elikopteroz jaso behar izan dituzte ur artean atera ezinik geratu direnean.
Nafarroako Pirinio inguruan alerta gorria ezarri du Espainiako Gobernuak, eta badaezpadako neurriak hartu dituzte: Erronkari eta Otsagabiako eskola publikoetako ikasleak ateraraztea, adibidez. Erronkarin eta Salazarren egin du euri gehien. Euriteak uholdeak eragin ditu, baita errepidean arazoak ere. Itzaltzun eta Otsagabian Anduña errekak gainezka egin du. Zangoza inguruan ere euri asko egin du, baina atertzera egin du azken orduetan.
Zangozan NA-2420 errepidea 37. kilometroan Ledea inguruan itxita dago, uholdeen ondorioz; baita bi errepide hauek ere: NA-5340 errepidea 1,5. kilometroan eta NA-5410 errepidea Xabier inguruan 8,3. kilometroan. Horrez gain, Auritz eta Izaba artean zuhaitz bat erori da NA-140 errepidean, 50. kiometroan, eta, ondorioz, errepide hori ere itxita dago.
Esako estazioan metro karratuko 131,6 litro ur jaso dituzte azken orduetan; Nabaskozen 110,8 litro; 90,8 Arangoitin; 80,6 Salazargo Espartzan; 78,8 Aurizberrin eta 103 Izaban.
Probintzia guztietan euri asko egin duen arren, Nafarroan egin du gehien. Arratsaldean zaparradak izango direla iragarri du Euskalmetek; eurite mardulak izango direla nabarmendu du, eta gehien Gipuzkoan botako duela.
Asteburuan ere euria izango da Euskal Herri osoan; goizean euri gutxi, eta gainontzean mardula. Antzeko tenperaturak izango dira.