Nafarroako Steilasek aurrez aurreko irakaskuntzaren aldeko aldarria egin du

Sindikatuaren arabera, eskola telematikoek «areagotu egin ditzakete egoera zaurgarrienean dauden sektoreetako eskola uzteen tasak». Horretarako hainbat neurri proposatu ditu; nagusiki, irakasle kopurua handitzea eta ordezko ikasgela iraunkorrak bilatzea.

Nafarroako Steilaseko ordezkariak Iruñean, gaurko prentsaurrekoan. STEILAS SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 17a
12:54
Entzun

«Online irakaskuntza izan arren irakasleen eta ikasleen arteko gutxieneko lotura babesteko aukera bakarra, aurrez aurreko hezkuntza ezin da luzera begira ordezkatu irakaskuntza telematikoarekin». Hori da Nafarroako Steilas sindikatuak gaur, Iruñean, aurrez aurreko irakaskuntzaren alde aurkeztu duen proposamenaren oinarria.

Steilasen iritziz, egungo egoera mantentzeak «areagotu egin ditzake egoera zaurgarrienean dauden sektoreetako eskola uzteen tasak», hainbat arrazoirengatik: denek ez dituztelako baliabide teknologiko berdinak; Interneteko konexioen desorekagatik; familiek urrutiko irakaskuntzarako duten prestakuntza eta denbora faltagatik; eta ikasleen arteko harremanak galtzen direlako. Gainera, sindikatuak salatu duenez, azkenaldian «izugarri» jaitsi dira ordezkapenak, eta sistema berriak «lan eta soldata arrakalak areagotzea eragiten du, bereziki emakumeenak».

Nafarroako hezkuntza sistema egoera berrira egokitzeko, hainbat proposamen egin ditu Steilasek. Batetik, «Europako beste herrialde batzuetako baldintzekin ikastetxeak berriz zabaltzeko», Nafarroak 600 milioi euro gehiago behar dituela baieztatu du sindikatuak. Horretarako, gaur egun baino 3.192 milioi euro gehiago biltzeko balioko lukeen «zerga eta aurrekontu politika zuzena eta aurrerakoia proposatu du»: Hamabost puntu ditu proposamenak: besteak beste, fortuna handien gaineko zergak areagotzea proposatzen du, baita ikasleak banantzen dituzten zentroei diru laguntzak edo itunak kentzea, zezenketari ematen zaizkion diru laguntzak etetea, eta gastu militarrak ordaintzeari uko egitea ere.

Bestetik, Steilasek ikastetxeak zabaltzeko espazioak berrantolatzea proposatu du, zentro bakoitzaren testuingurura egokitu daitezkeen lau aukeraren bidez. Lehen aukera da erabiltzen ez diren eraikin publikoak egokitzea, edo ikasgela berriak sortzeko beharrezko lanak abian jartzea; sindikatuaren iritziz, neurri horiek «aberastasuna sortuko lukete udalerrietan, eta pandemia amaitu ondoren ratioen murrizketa iraunkorrerako pizgarriak izan daitezke».

Bestelako neurriak

Hezkuntza sistemari ezartzeko beste hainbat aldaketa ere proposatu ditu Steilasek, batzuk egiturazkoak eta besteak egoera berrira egokitzeko balio dutenak. Egiturazkoak dira, besteak beste, «Hezkuntza Itunean betetzeko falta diren neurriak abian jartzea» —langileen jardunaldi partzialak osatzea edo 57 urtetik gorakoen jardunaldiak murriztea— eta «datuen salmenta masiboa egiten ez duten hezkuntza plataforma telematiko publikoak» kontratatzea.

Pandemia garaira egokitzeko, berriz, sindikatuak ordutegi desberdinak proposatu ditu, ikasle guztiak sartu-irtenetan ez pilatzeko, eta eskatu du jardunaldi jarraituari lehentasuna emateko eta sukaldeko langile gehiago kontratatzeko. Irakasgai ardatzetako edukiak egokitzeko dekretu berri bat ere beharrezkotzat jo du, «pandemia garaiko ikasketa planak homogeneizatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.