Nafarroako tabernetan barran eserita kontsumitu ahalko da, ostiraletik

Nafarroako Gobernuak udara begirako neurri berriak kaleratu ditu. Ostalaritzako eta kultur ekitaldietako edukiera malgutuko dute. 

Jendea Iruñeko taberna bateko barran kontsumitzen. JESUS DIGES/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 29a
12:52
Entzun

Nafarroako Gobernuak udarako neurri berriak estreinatuko ditu ostiralean, eta indarrean egongo dira uztailaren 29ra arte. Neurri horien artean daude ostalaritzako edukiera malgutzea: %60a onartuko dute establezimendu guztietan, eta erantzukizunezko dokumentua sinatzen dutenek mahai arteko distantzia txikitu ahalko dute 2 metrotik metro eta erdira. Itxiera ordua, aldiz, goizaldeko ordubatera arte luzatuko dute. Bestalde, tabernetako barrako kontsumoa baimenduko dute, eserita beti ere, eta gehienez bi pertsona: elkarren artean 1,5 metroko distantzia utzita.

Pandemiaren bilakaera positibotzat jo du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, eta are hobea izatea aurreikusi du Santos Indurain Osasun kontseilariarekin egindako agerraldian. Hori horrela, udan orain arteko neurriak malgutzea onartu dute, uztailaren 29a artean. Neurri horietan, ostalaritzari lotutakoez gain, gaueko aisialdiari eragingo dizkiotenak ere badaude: kafe antzoki lizentzia duten establezimenduek goizeko ordubiak arte zabaldu ahalko dute, eta gaueko aisialdiko lokalek goizeko lauak arte. Horien kasuan %50eko edukiera izango da, eta jarrita kontsumitu beharko dute, gainontzeko guztietan bezala. Saltoki handietako edukiera ere %60ra malgutuko dute, eta denda txikietan %75era.

Kultur arloan ere malgutuko dituzte murrizketak. Goizaldeko ordubata arte baimenduko dituzte kultur ekitaldiak, %75eko aforoarekin. Aire librean egindako ekitaldiek erantzukizunezko dokumentua aurkeztu beharko dute astebete aurretik. Janaririk eta edaririk baimentzen ez duten zine aretoetan %75ekoa izango da edukiera; %50ekoa, aldiz, jana eta edana baimentzen dituztenetan. Zezenak ere baimenduko dituzte, gehienezko 800 pertsonako edukierarekin: maskara jartzea eta 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia derrigorrezkoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.