Hauteskunde eguna da gaur Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Errektorea hautatuko dute zentro horretako kideek, datozen lau urteetarako. Hiru hautagai izanen dira lehian: Julio Lafuente, Antonio Purroi eta Juan Cabases. Lehia bizia egotea espero da, eta ez da baztertzen bigarren itzulia egiteko aukera. Gaur hautagai bakar batek ez badu bozen % 50 baino gehiago lortzen, boto gehien jasotzen duten bi errektoregaiak ariko dira maiatzaren 4an bigarren itzulian.
Goizeko 10:00ak eta arratsaldeko 18:00ak bitarte izanen dute NUPeko kideek botoa emateko aukera, Iruñeko campusean. Tuteran, 12:00ak eta 17:00ak bitartekoa izanen da ordutegia. Denera, 9.200 pertsonak izanen du gaur botoa emateko aukera. Ikasleak dira gehienak, 7.900 alegia. Funtzionario diren irakasle doktoreen kopurua 327koa da; irakasle kontratatuak 562 dira, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, azkenik, 433.
Denen botoek ez dute balio bera. Irakasle doktoreen sektorea da kide gutxien duena, baina haien bozek %54 balio dute. 7.900 ikasleen botoek, berriz, % 20 balio dute. %18koa da irakasle kontratatuen botoen balioa, eta %8koa administrazioko eta zerbitzuetako langileena.
Boza emateko denbora arratsaldeko 18:00etan amaituko da. Orduan hasiko dira emaitzak zenbatzen. Gaueko 09:00ak aldera emaitza horien berri eman ahal izatea espero dute NUPen.
Unibertsitatea
Nafarroako Unibertsitate Publikoko kideek errektorea hautatuko dute gaur
Hiru hautagai aurkeztu dira: Julio Lafuente, Antonio Purroi eta Juan Cabases. Lehia bizia espero da, eta ez da baztertzen bigarren itzulia egin behar izatea. 10:00etan hasi dira NUPeko kideak botoa ematen Iruñeko campusean. 12:00etan hasiko dira Tuterakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu