Volkswageneko lan gatazka

Nafarroako Volkswageneko langileek egindako elkarretaratzean istiluak izan dira

Nafarroako Gobernuaren arabera, lau foru polizia eta manifestari bat zauritu dira gaur Nafarroako Volkswageneko langileek Nafarroako Parlamentuaren aurrean eguerdian egin duten elkarretaratzean. Iturri horien arabera, langile talde bat Legebiltzarrean sartzen saiatu da, eta foruzainek eragoztean izan dira istiluak. VWeko bi mila bat lagun inguru bildu dira langileen batzordeak deituta zuzendaritzari lan ituna negoziatzen jarrai dezan eskatzeko.

2006ko apirilaren 11
17:01
Entzun
Istiluak 12:30ak aldera izan dira. Elkarretaratzean parte hartzen ari ziren zenbait lagunek Navas de Tolosa kalea zeharkatu eta Parlamentura urreratu dira. Orduan, gomazko pilotak jaurtitzen hasi dira Foru Poliziako kideak. Azkenean manifestariek atzera egitea erabaki eta lasaitasuna eskatu dute. Nafarroako Gobernuaren arabera, Foru Poliziako lau kide eta manifestari bat erietxera eraman dituzte kolpek sendatzeko.

Nafarroako Volkswagenen lanuzteak egingo dituzte gaur ere langilea batzordearen gehiengoak deituta. Langileek lau orduko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean. Gainera, 12:00etan elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Atzo zuzendaritzaren deiaren zain egon zen langileen batzordea baina ez zuten deirik jaso. Lan ituna sinatzeko joan den ostirala arteko epea zutela ohartarazi zien sindikatuei Volkswageneko zuzendaritzak. Epe horretan ituna hitzartzen ez bazen, Polo autoaren ekoizpena multinazionalaren beste lantegi batzuetara pasako zela abisua eman zuen. Sindikatuek lan ituna sinatu ez dutenez, Alemaniako zuzendaritzak Iruñeko lantegian zuen «konfiantza» galdu duela dio Iruñeko zuzendaritzak.

Ultimatumaren ostean, greba mugagabea egin beharrean lau orduko lanuzteak egitea erabaki zuen langileen batzordeak. Gaur bigarren egunez egingo dituzte lau orduko lanuzteak txanda bakoiztean. Lehena joan den ostegunean egin zuten, apirilaren 6an eta egunean izan ohi duten produkzioaren erdia galdu zuten. Arazorik gabeko egun batean 1.158 auto inguru ekoizten dituzte Nafarroako Volkswagenen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.