Nafarroako zahar etxeetako neurriak malgutuko dituzte

Bisita kopuruak eta ordutegiak leunduko dituzte, eta egoiliarrak nahi dutenean irten ahalko dira egoitzatik.

Lizarrako San Jeronimo zahar egoitza, iazko martxoko irudi batean. JESUS DIGES/ EFE
edurne begiristain
2021eko uztailaren 5a
12:31
Entzun

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen departamenduak malgutu egingo ditu adineko egoitzetako bisitak eta irteerak, txertaketaren ondorioz zentro horietako egoera epidemiologikoak hobera egin duela ikusita. Lau hilabete dira Nafarroako egoitzetan txertatutako egoiliarren artean gaitzagatik hildakorik ez dela, eta bi hilabete igaro dira positiborik detektatu gabe. Hori horrela, erresidentzietako neurriak arintzeko foru araua onartu du gobernuak, eta datorren egunetan sartuko da indarrean, Nafarroako Buletin Ofizialean argitaratzen denean. Adinekoen eta mendekotasunak dituztenen erresidentzietako egoiliarrek nahi adina bisita jaso ahalko dituzte, maiztasun eta iraupen mugarik gabe. Zentro bakoitzaren esku geratuko da aldez aurretik ordua hartzeko sistemak eta antolaketa neurriak mantentzea.

Horrez gain, txertoaren pauta osoa duten pertsonei aukera emango zaie bisitetarako guneetatik at egoteko, eta erabiltzaileen %80tik gora txertatua diren zentroetan, egoiliarrak maskararik gabe egon ahal izango dira –langileek, berriz, beti jarrita eraman beharko dute–. Gainera, egoiliarrak nahi dutenean irten ahal izango dira egoitzatik paseatzera.

Adinekoen klubetan berriro jarriko dira martxan ohiko zerbitzuak, prebentzio neurriak mantenduta. Hala nola, ostalaritza instalazioak dituzten kluben kasuan, tabernek bete beharreko neurri berberak errespetatu beharko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.