komunikazioa

Nafarroan 142 irrati lizentzia eskaera izan dira, eta 44 baino ez dituzte emango

Euskalerria irratiak aurkeztu du egitasmoa, Iruñerritik. Eremu mistoan, ordea, 100etik 5eko puntuazioa baino ez diote emango euskarari.

2012ko maiatzaren 2a
18:41
Entzun

Nafarroako irrati lizentzia lehiaketara 142 proiektu aurkeztu dituzte. Gobernuak 44 lizentzia emango ditu, eta urrian bukatuko da prozesua.

Tuterako eremuan hamabost proiektu aurkeztu dituzte eta gobernuak lizentzia bakarra emango du. Iruñerrian hemeretzi egitasmo azaldu dira, eta bi baimen baino ez daude banatzeko. Lizarran hemezortzi proiektu aurkeztu dituzte eta han ere bi lizentzia baizik ez dituzte emango.

Nafarroan ez dago erreserbarik euskara hutsean emititzen duten irratientzat. Eremu mistoan, programazioaren %20 euskaraz ematen duten irratiek ehunetik bost puntu jasoko dituzte. Gutxiago ematen dutenek punturen bat lortu ahalko dute; gehiago ematen dutenek, ordea, ez. Eremu euskaldunean ehunetik hamar puntu lortu ahalko dituzte euskaraz emititzen dutenek. 

Ekoizpen eta programazio propioari dagokionez, puntuen erdiak programazio eta eduki gaien arabera emango dituzte. 

Euskalerria irratiaren eskaera

Iragarri bezala, Euskalerria irratiak aurkeztu du egitasmoa, Iruñerritik, Iruñeko Komunikabideak SA bezala —bere editorea da—. Euskarazko irratiko arduradunek uste dute deialdiak irrati kate handiei egingo diela mesede.

Gobernuak Euskalerria Irratiari sekula ez dio eman emititzeko baimena. Hedabideak bi alditan lortu du Nafarroako Auzitegiak baliogabe uztea erabakia, eta auzia Espainiako Auzitegi Gorenean dago, epaiaren zain.

Hamabi kideko lan taldea du euskarazko irratiak, eta ehun kolaboratzailetik gora. "Bazkideek, kolaboratzaileek, iragarleek, entzuleek —8.000 entzule, CIESen arabera– emititzeko zilegitasuna ematen digute, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu digun arren".

Nafarroan banatuko diren lizentzietatik 42 berriak dira, eta bi, 1998ko lehiaketan hutsik gelditu zirenak. Zortzi herritan aurreneko aldiz banatuko dituzte FMko emisorak: Ameskoabarrena, Baztan, Bera, Auritz, Izaba, Larraun-Baraibar, Leitza eta Otsagabian.

Gaur egun hogei irratik dute baimena herrialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.