Funtzio publikoaren esparruan iragarritako neurriak gogor salatu ditu CCOO sindikatuak mahai orokorraren bileran. Neurri horiek 3.000 lanpostu galtzea ekar dezaketela ohartarazi du, eta egoera horrek zerbitzu publikoen kalitateari eraginen diola gaineratu du.
«Lan jardunaldi luzeagoek, ordezkapenetan ezarri nahi dituzten murrizketek, eta lantalde organikoan urtean 400 lanpostumurriztu nahi izateak zuzenean eragiten diote arlo publikoari», nabarmendu du CCOOk. Osasunaren esparruan, erizainen artean jada 350 lanpostu galdu direla gogorarazi du, eta bereziki kritikatu ditu Hezkuntza Departamentuak ezarri nahi dituen neurriak: «Nafarroak badu PPk egin nahi dituen murrizketak indarrik gabe uzteko eskumena, baina ez du baliatzen».
Zerbitzu publikoei buruzko eztabaida eskatu du CCOO sindikatuak. «Ezin dugu onartu aurreztu ahal izateko osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte zerbitzuen alorrean atzera egitea».
Zerbitzu publiko horien alde, hain zuzen ere, eta esparru horretan ari diren langileen lan baldintzen defentsa egiteko, hilaren 31rako egindako greba deialdia berretsi du CCOO sindikatuak.
Bilbon eta Gasteizen
Bilbon eta Gasteizen ere, murrizketen aurka eta lan eskubideen alde karrikara atera ziren herritarrak herenegun, hainbat sindikatuk eta 50 gizarte taldek baino gehiagok deituta.
Gizarte zerbitzuen arloan ezarritako neurriak kritikatu zituzten manifestazioetan, eta, zerbitzu horien alde, mobilizazioaren bidez murrizketei aurre egiteko beharra nabarmendu zuten protesten antolatzaileek.
Nafarroan 3.000 lanpostu publiko gal daitezkeela salatu du CCOOk
Hezkuntzan iragarri murrizketak bereziki kritikatu ditu sindikatuak, mahai orokorraren bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu