Gizartea

Nafarroan abortatu ahal izateko lege proposamena onartu du Parlamentuak

Nafarroa Baik aurkeztu du ekimena, eta PSNk eta NEBk alde bozkatu dute; UPNk eta CDNk aurka. 1990etik dagoen foru legea aldatu egin nahi du Parlamentuaren gehiengoak.

2008ko maiatzaren 22a
13:21
Entzun
Nafarroan abortatu ahal izateko eskubidea edukitzeko lege proposamena onartu du gaur herrialdeko Parlamentuak. Horren arabera, 1990etik dagoen foru legea aldatu egin nahi dute. Nafarroa Baik aurkeztu du proposamena, eta PSNk eta NEBk alde bozkatu dute. 26 parlamentari dituzte hiruren artean; hau da, gehiengo osoa. UPNk eta CDNk, aldiz, aurka bozkatu dute (24).

Asun Fernandez Garaialde NaBaiko parlamentariak esan duenez, urtetik urtera "handituz" doa abortua egin duten nafar lagunen kopurua, "batik bat, gazteen eta etorkinen kasuan", eta UPNk eta CDNk "jarrera hipokrita" dutela salatu du, "beste erkidego batzuetara bidaltzen dituztelako horretara".

Maria Chivitek (PSN) abortatu nahi duten emakumeen eskubidea "errespetatzeko eta bermatzeko garaia" dela adierazi du. Ana Figueras NEBeko legebiltzarkidea abortuaren erabateko zigorgabetzearen alde azaldu da.

Javier Markotegi UPNko ordezkariari iruditzen zaio lege proposamen horrek ez duela "ezer esaten", eta "zentzugabea" dela iritzi dio. "Beraz, Nafarroako Gobernuak ez du ezer arautuko edo Nafarroan dauden arauak ez ditu bete gabe utziko".

Jose Andres Burgetek (CDN) ez du uste gaurko legedia kontuan hartuta asko aldatuko denik egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.