gizartea

Nafarroan abortua bermatzeko legea onartu du bertako parlamentuak

NaBai, PSN eta IUBk egin dute lege proposamenaren alde, UPN eta CDNk aurka. Espainiako Estatuko legea indarrean jartzean ipiniko da Nafarroakoa. UPNk dio Nafarroako Gobernuak orain arte legea bete duela eta "aurrerantzean ere beteko du; ez gustura, baina beteko du".

2010eko ekainaren 24a
19:10
Entzun
NaBai, PSN eta IUBren aldeko botoei esker aurrera atera gaur Nafarroako Parlamentuan herrialdean abortuak egiteko eskubidea bermatzeko legea. Nafarroako Osasun Legea aldatu egin dute, beraz. Espainiako Estatuan abortuaren legea indarrean jartzean jarriko da Nafarroakoa ere. UPNk eta CDN kontra bozkatu dute -gobernuan UPN dago-.

Duela bi aste ziren onartzekoak legea, baina Nafarroa Bai koalizioko lau parlamentari tramitazioarekin nahastu egin ziren eta huts egin zuten bozketako unean. PSNk aurkeztua zuen lege proposamena, eta orduan berriro sartu zuen tramiterako, berriz ere eztabaidatu eta bozkatzeko. Gaur egin dute bozketa.

Maria Chivite PSNko parlamentarioaren ustez, "emakumeek Nafarroan osasun zerbitzu hau izateko arazoak izan dituzte, eta orain arte beste erkidegoetara joaten ziren". Asun Fernandez de Garaialde NaBaiko legebiltzarkideak bere koalizioak Nafarroan eta Espainiako Kongresuan legea aldatzearen alde egindako lana goretsi du. Ana Figueras IUBko parlamentarioak UPNren jarrera eskuindarra salatu du, "emakumea ez duelako babesten".

Javier Markotegi UPNko legebiltzarkideak adierazi du Nafarroako Gobernuak orain arte legea bete besterik ez duela egin. "Aurrerantzean ere beteko du; ez gustura, baina beteko du". Haren arabera, "abortua da herri honetako negoziorik handienetakoa".

Jose Andres Burgetek (CDN) uste du auzi hau ez dela Nafarroako Parlamentuaren eskumena, Espainiako Kongresuarena baizik. NaBai, PSN eta IUBk, haren iritzian, "hauteskunde interesa" izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.