POLITIKA

Nafarroan aldaketaren aldeko itunarekin bat egin dute EH Bilduk, Podemosek eta Equok

Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrak adostutako hamalau ardatzen alde lan egiteko konpromisoa agertu dute hiru indar politikoek.

Itunaren sustatzaileak eta bat egin duten indar politikoetako ordezkariak. @AHOTSAINFO
2015eko martxoaren 25a
16:25
Entzun

Nafarroan "aldaketa ekonomiko, sozial eta politikoa" bultzatzea du helburu batzar horrek, eta Iñaki Justes eta Ainara Oiaga bozeramaileek eman dute atxikimenduen berri. Haiekin ziren EH Bilduko Adolfo Araiz, Podemos Ahal Dugu-ko Hector Fernandez eta Equoko Alberto Labarga.

Justesek gogorarazi du "aldaketaren aldeko sentsibilitate politiko guztietako gizabanakoek" manifestu bat adostu zutela 2013an. Hori horrela, alderdiek atxikimendua adierazteak esan nahi du hiru indar politiko horiek konpromisoa agertzen dutela "Nafarroan aldaketa ekonomiko, politiko eta sozialaren alde elkarlaneko gobernu edo oposizio formula bat sustatu eta garatzeko".

Horrez gain, Justesek uste du atxikimendu horrekin alderdiak prest daudela "aldaketaren aldeko mobilizazio bateratu, zeharkako eta barneratzaileetan" parte hartzeko.

Araizek engaiamendua azaldu du hamalau ardatz horiek "aldaketaren gobernura" eramateko, gaineratuz EH Bilduk "lehen egunetik" egin dituela bere ardatz horiek. Fernandezek, berriz, nabarmendu du "beharrezkoak" direla "eztabaida eta topaguneak". Labargak azpimarratu du batzarrak "kolektibo ezberdinetako pertsonak saretzen" asmatu duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.