Euskara

Nafarroan azken 15 urteetan euskara soilik %1,6 hazi dela nabarmendu du Kontseiluak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak IV. Inkesta Soziolinguistikoaren Nafarroako datuak aztertu ditu. Euskalduntze erritmo motela onartezintzat jo du.

2008ko uztailaren 3a
16:21
Entzun
"834 urte beharko dira euskara unibertsala izateko", nabarmendu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren Nafarroako emaitzen ondorioak azaltzean. Datuen arabera, azkeneko 15 urteetan %1,6ko hazkundea baino ez du izan euskarak. “Hamabost urteotan lortu ahal izan den proiekzioa etorkizunera egiten badugu, ohartuko gara erritmoa onartezina dela euskararen normalizazioa nahi badugu, 835 urte beharko baikenituzke ezagutza unibertsalera iristeko”.

Inkesta 2006an egin zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Nafarroari dagozkion datuak aztertu eta azaldu ditu orain Kontseiluak.

Inkestak argi utzi ditu eskualdeen arteko desorekak. "Izugarrizko ezberdintasunak daude legeak ezartzen dituen eskualdeen artean. Bertan ikus daiteke Vascuencearen Legearen zonifikazioaren eragin kaltegarria elebidunen banaketan; izan ere, denbora aurrera joan ahala gero eta handiagoak dira eskualdeen arteko ezberdintasunak”, nabarmendu du Kontseiluak.

Zehaztu duenez, eremu euskaldunean herritarren % 60,1 elebidunak dira; eremu mistoan %8,3 eta eremu ez euskaldunean % 1,9.

Kontseiluaren arabera, zonifikazioak sortu duen desorekari aurre egiteko bidea legea aldatzea da, hots, euskarari gaztelaniak duen estatus berbera eman behar zaio herrialde osoan. “Vascuencearen Legeak, indarrean egon den hobei urte hauetan, Nafarroa erabat zatitu du linguistikoki”.

Euskarari aukerak emateak duen garrantzia

Euskara berenganatu dutenen %72 (hiru laurden) eremu mistoan bizi dira. “Adierazgarria da, izan ere, bertan aukera dago ikasteko, ez ordea, eremu ez euskaldunean. Hortaz, hori ere legearen ondorioa da”.

Erabilerari dagokionez, Kontseiluko ordezkariak ez dira harritu erabileraren ez handitzearekin, izan ere, ezagutza handitu ezean ezin baita erabilera handitu. “Aukerak dituenean euskaldunak oso kopuru altuetan erabiltzen du euskara, aukera faltan dago arazoa”.

Euskararen normalizazioan atzera ez egiteko euskalduntzea lortzen duten ereduak Hezkuntza Sistema osora hedatu behar direla aldarrikatu dute. “Epe onargarri batean belaunaldi berriak osorik euskalduntzea lortuko duen sistemarako oinarriak jarri behar dira arreta berezia jarriz irakasle eta bestelako langileen euskalduntzeari”
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.