Nabarmen egin du hobera ibaien egoerak Nafarroan ez beste herrialdeetan, eta Nafarroa da, hain justu, arreta gune. Alertan daude oraindik ere Arakil, Arga, Ega eta Ebro ibaiak, baina gainezka egin zezaketela uste bazen ere, ez da hala gertatu. Ibai horien ur emaria gutxitu egin da, baina alertari eutsi diote hala ere.
Donostian, Urumea ibaia hazita jaitsi da goizaldean, baina ez du gainezka egin; 3,8 metrora ailegatu da 02:00 aldera, eta hortik aurrera behera egin du ur emariak. Hainbat orduz batzartuta egon dira Loiola eta Martutene auzoetako elkarteak, DYA eta Gurutze Gorria eta Juan Karlos Izagirre alkatea, besteak beste.
Gaurko eguraldiak lagunduko du uholde arriskua baretzen, atertzera joko baitu egunez. Euskalmetek eta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak iragarri dutenez, zerua garbituz joan eta giro eguzkitsua izango da gaur, baina tenperaturak behera egitea eragingo du horrek: bost eta hamar gradu artean izango dira gehienera ere. Gainera, iluntzera arte baino ez dio ateri eutsiko: bihartik aurrera euri gehiago eta elurra egingo duela iragarri dute. Halaber, Añarbeko urtegia husten hasi dira, asteburuan ere euria botako duelakoan.
Atzo goizaldean Azpeitian gertatu zen luizi bat, Irunen arratsaldean, eta Zallan iluntzean. Ertzaintzaren arabera, 23:20 aldera lur-jausi bat izan zen Zallan, eta gas hodi bat apurtu zen horren ondorioz. Bart gauetik, gasik gabe daude Balmasedan. Leherketa bat ere izan zen, baina ez zen inor zauritu.