Astelehenean PPko diputatu baten bulego eta etxe aurrean protestaldi bat egitea debekatu zion Ertzaintzak Stop Kaleratzeak taldeari. Atzo, berriz, Hipotekak Eragindakoen Plataformari hilaren 19rako deitu zuten beste protesta bat debekatu zioten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak esan zuen "pertsonen intimitatea defendatu" behar dutela.
Espainiako Barne Ministerioak gaur iragarri du Eusko Jaurlaritzak hartutako bide bera jarraituko duela. Horrek Nafarroan egindako protestaldiei eragingo die. "Ertzaintzaren irizpide berarekin ari gara lanean", esan du Francisco Martinez Espainiako Segurtasun idazkariak.
Nahiz eta goizean esan duten protesta ezingo dela politikarien etxeetan egin, eta 300 metroko muga jarriko dutela, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan du protestaren arabera mugatuko dutela distantzia.
EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, berriz, esan du auzitegi horrek egun gutxi barru erabakiko duela Ertzaintzaren neurriaren inguruan. Gipuzkoako Stop Kaleratzeak helegitea jarri zuen, debekua jaso ostean. Auzitegiak Ertzaintzaren neurriaren "orekaz" erabaki behar duela nabarmendu du Ibarrak.