Azken urteotan Nafarroan izan den suterik handiena da Tafalla eta Puiu artekoa: 3.538 hektarea erre dira, 30 kilometroko perimetroan. Hipotesi nagusiaren arabera, AP-15 errepidean auto batetik botatako zigarrokin batek sortu zituen garrak, Tafalla eta Puiu artean. Soro eta baratze idorrak, hariztiak eta pinudi birlandatuak zituzten eremuetan izan dira kalte handienak. Nolanahi ere, Foruzaingoak beste hipotesiak ez dituela baztertu jakinarazi du Gobernuak.
Atzo itzalitzat eman zen suak sortutako kalteen inguruko datuak eman ditu Nafarroako Gobernuak: 3.538 hektarea kiskali dira; %56,71 nekazaritzarako erabiltzen diren lurrak dira, eta %41,12 basoko lurrak. Lur horien gainean azterketa teknikoak egin dituzte, eta ondorioztatu dutenez erregenerazio naturalerako gaitasuna dute erre diren baso lurren %80k. Gobernuaren arabera, erre den azalera ia guztia hasierako 14 ordutan kiskali zen.
Joan den ostegunean piztu zen, eta harrezkero lanean aritu dira. Ostiralaz geroztik egonkortuta eduki dute sutea, baina ez, ordea, kontrolpean. Azken egunetan murriztu egin dute zaintza taldea, eta Nafarroako Gobernuak jada eman du sutea itzalitzat.
Kalte pertsonalik ez delako izan pozik agertu da Maria Jose Beaumont Barne sailburua, eta sua itzaltzeko lanetan jardun dutenei eskerrak eman dizkie.