Nafarroako Gobernuak aurkeztu du datorren ikasturterako kontingentzia plana. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eman du haren berri, gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Prebentzio, garbitasun eta higiene neurri guztiak mantenduko dituztela ziurtatu du, baina hainbat berrikuntza txertatu dituzte: besteak beste, Haur Hezkuntzako ikasleek ez dute maskararik jantzi beharko jolaslekuan daudenean. Aurten egin bezala, eskolak goizez bakarrik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan, baina, pandemiaren bilakaeraren arabera, baliteke goizez eta arratsaldez emateko aukera ematea. Baliabideei dagokienez, ziurtatu du mantendu egingo dituztela aurtengo ikasturterako pandemiagatik jarritako errefortzurako langileak. Gimenok nabarmendu du protokoloa aldatzeko aukera dagoela.
Irailetik aurrera ikasgeletan aldaketa handirik egongo ez bada ere, Gimenok iragarri du neurri batzuk malgutuko dituztela: besteak beste, haurrek aukera izango dute jostailuak eta bestelako materialak partekatzeko; Haur Hezkuntzako umeek ez dute maskararik erabili beharko jolaslekuan daudenean; ikastetxeei CO2 neurgailuak emango dizkiete, eta hamaiketakoa patioan egitea lehenetsiko dute. Halere, bizikidetza talde iraunkorretan egongo dira oraindik ere.
Ordutegiak eragin du jakin-minik handiena. Gimenok azaldu duenez, eskolak goizez soilik emango dituzte aurrerantzean ere, «osasun agintariei horrela izan behar duela irizten zaien artean». Beraz, zabalik utzi du ikasturtean ordutegiak aldatzeko aukera: «Hilabeteko epea egongo da ikastetxeetako ordutegiak berme batzuekin berriz antola daitezen». Urriko lehen hamabostaldian edo Gabonen ondorengo lehen hamabost egunetan ezar litezke aldaketak.
Bi egoera
Datorren ikasturterako bi egoera aurreikusi ditu Hezkuntza kontseilariak. Lehenengoan, etapa guztietan aurrez aurreko hezkuntza eskainiko dute. Horren barruan, bi egoera egon daitezke: neurriak malgutzea edo ikastetxeak lehen zeukaten ordutegira itzultzea. Bigarrenean, berriz, ikastetxe bat, batzuk edo guztiak itxiko dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek adierazi duenez, ez dute asmorik datorren ikasturterako «aldaketa handirik» egiteko. Horietako bat ordutegi aldaketa izan daiteke: Bildarratzek ziurtatu du lanean ari direla eskolak berriz goizez eta arratsaldez emateko. Ikasturte honetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ia ikastetxe guztiak goizez soilik ari dira; Haur Hezkuntzakoei eta Lehen Hezkuntzakoei, berriz, ez diete aukera hori eman.
Horretaz gain, Bildarratzek atzo esan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bide propioa egingo dutela ikasturtea antolatzeko, baina Espainiako Gobernuak atzo erkidegoei aurkeztu zien proposamenaren hainbat neurri aintzakotzat hartzekoak izan daitezkeela. Proposamen horren arabera, talde itxietan jarraitu behar dute haur eta nerabeek hezkuntza zentroetan, baina malgutu egingo da pixka bat egoera: Haur Hezkuntzan, esaterako, ikasturte bereko haurren arteko jardunak baimenduko dira aire zabalean. LHko 5. mailatik aurrera, haurren arteko distantzia 1,2 metrora murrizteko aukera izango da, eta ez da beti bete beharko 1,5 metroko tartea. Aurrez aurreko eskolak lehenestea izango da beti helburua.
Maskararen erabilera derrigorrezkotzat joko dute oraindik: 6 urtetik gorako eskola ume guztiek erabili beharko dute.