euskara

Nafarroan ETBren emisioak bermatzeko eskatu du parlamentuak

Aldaketaren alderdiek ostiralean adostu zuten adierazpen instituzionala aurrera atera da. PSNk alde bozkatu du, laugarren puntuan izan ezik.

Eusko Alkartasunak Erreniegan ETB Iruñerrian ikusi ahal izateko jarri zuen antena. Guardia Zibila zigilatu zuen. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
2016ko apirilaren 25a
16:40
Entzun

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adostu zuten gaur Nafarroako Parlamentuan onartu duten adierazpen instituzionala. Modu horretan erantzun diote Espainiako Gobernuak joan den astean Nafarroan ETBren emisioak eteteko eman zuen aginduari. UPNk iaz udal eta foru hauteskundeak baino bi hilabete lehenago jarri zuen salaketa bat du oinarri agindu horrek. Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak gaur horren aurrean erakundeei eskatu die ETBren emisioak bermatzeko, 2013ko abenduaren 12an egin zuen moduan. Onartu den adierazpenean, gainera, nabarmendu dute UPNk ezkutuan jarri zuela salaketa eta iaz gobernu aldaketa egin zutenean ez zuela hori bazenik ere jakinarazi.

UPNk eta PPk adierazpenaren aurka bozkatu dute. PSNk, berriz, lehen hiru puntuak babestu ditu, baina ez laugarrena; horretan kontra bozkatu du. Laugarren puntu horretan Espainiako Gobernuari eskatu dio Nafarroako Parlamentuak bermatzeko nafarren informaziorako eskubidearen lehentasuna beste edozeren gainetik, eta ez onartzeko inongo eskubide hori murriztu dezakeen neurririk UPNk jarri zuen salaketa erabaki bitartean. Gobernuan zela jarri zuen UPNk salaketa, baina gaur egun adierazpena bultzatu duten alderdiek sostengatzen dute Uxue Barkosen gobernua.

Lehen puntuan eskatu die legebiltzarrak erakundeei ahalbidetzeko ETB ikusteko aukera Nafarroan. Bigarrenean, berriz, informazio askatasunerako eskubidea aitortu du parlamentuak. Hirugarrenean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio egin beharrekoak egiteko Nafarroako herritarrek "ETBren kateak hartzeko duten eskubidea bermatzeko". Hori oztopatu nahi duten neurrien kontra ekiteko ere eskatzen diote. Bosgarren puntuan "leialtasun instituzionala" die parlamentuak erakunde eta alderdiei.

 Koldo Martinez Geroa Baikoak eskatu du ETBren emisioak errealitate bat eta eskubide bat izateko. Adolfo Araiz EH Bildukoak, berriz, emisioak bermatzeko legezko marko bat ezartzea defendatu du. Jose Miguel Nuin Ezkerrakoak azpimarratu du gai honetan arazoa zein den ez duela ulertzen. Carlos Garcia Adanero UPNkoak, ordea, esan du emisio horiek "legez" egin behar direla, Nafarroarentzako gasturik gabe. Maria Txibite PSNkoak esan du ETB Nafarroan legea betez ikustea nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.