UPNk euskarari buruz harturiko "ohitura kaskarrei" eutsi diela eta, Administrazioan Euskaraz taldeak kargu hartu dio Nafarroako Gobernu berriari. Joan den maiatzean gertaturiko kasu bati tiraka, elkarteak jakinarazi du "gobernu aldaketarekin ere" Nafarroako Osasun Zerbitzuak gaztelaniaz baino ez dizkiela bidaltzen agiriak eremu mistoan bizi diren zenbait langileri.
"Bide beretik" segitzea eta usadio horiek errotik moztu ez izana txarretsi du taldeak: "Orain arte ere hori izan da Nafarroako Gobernuaren joera: eremu mistora informazioa gaztelaniaz soilik igortzea, euskal hiztunen eskariak aintzat hartu gabe". Behin kexua jarrita, hilaren 17an jaso zuten erantzuna elkarteko ordezkariek. Eta haien arabera, gobernuak argudiatu du "ez dela nahitaezkoa" eremu mistoko erabiltzaile eta pazienteei agiri pertsonalak euskaraz bidaltzea.
Eskariak egitera derrigortuta
Nafarroako Arartekoak iragan maiatzean jasotako kexu baten harira eginiko gomendioa oroitarazi du Administrazioan Euskaraz taldeak, eta haren hitzak ekarri ditu gogora: "Herritarrek hala eskatzen badute, euskaraz eta gaztelaniaz bidali beharko liekete informazioa eremu mistoko udalerri orotara".
Arartekoa, ordea, "motzegi" geratu ote den sentsazioa dute elkarteko kideek, gomendio horrek eskari zehatzak egitera derrigortzen dituelakoan euskal hiztunak. "Gaztelaniaz mintzo direnek, berriz, ez dute hori egin beharrik; aski dute agiria euren hizkuntzan jasotzearekin", salatu dute. Eta arartekoaren erabakia ontzat jo duten arren, bereziki kritiko agertu dira Nafarroako Gobernu berriaren jardunarekin. "Informazioa euskaraz igortzeko prest ez dagoelako".