Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak jardunaldia antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak urriaren 14rako, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Euskararekiko aldekotasuna nola landu pentsatzea izango du helburu, eta, hitzaldiak eta mahai inguruak tarteko, egun osoko egitaraua izango du. Saioak Iruñeko Kondestablearen jauregian egingo dira, eta streaming bidez ikusteko aukera ere izango da.
Nafarroan gero eta herritar gehiago euskararen indarberritze prozesuarekiko enpatiko izateko diskurtsoaz, praktikaz eta bestelako baliabideez hausnartuko dute egun osoan, eta jarrerei jarriko diete arreta berezia. Gaiari ikuspegi eta jakintza eremu desberdinetatik heldu nahi dio Topaguneak, hala nola ikerketatik, ikuspegi filosofiko-etikotik eta komunikaziotik.
Urriaren 8ra arte edo edukiera bete arte egongo da jardunaldian izena emateko aukera.