Murrizketa ekonomikoez eta sozialez jardun dira hauteskunde kanpainako azken egunean PSNko hautagaiak. PP Espainiako Gobernura iritsiz gero Mariano Raxoiren alderdiak hartuko ei dituen erabakietatik bereizi nahi izan dute euren burua sozialistek. Eskuinaren eta ezkerraren arteko desberdintasunak nabarmendu, eta murrizketen aurka egonez gero PSOEren alde bozkatzeko eskatu dute.
Gobernura iristen den alderdia edozein izanda ere, Nafarroan orain arte hartu diren erabakiekin jarraitzearen alde agertu da Juan Jose Lizarbe, Nafarroako Parlamentuko sozialisten bozeramailea. Ziurtatu duenez, «Nafarroan ez dira ezarriko PPren murrizketak». UPNren eta PSNren arteko gobernu koalizioak «beharrezkoak» diren murrizteak egingo dituela azaldu du Lizarbek, «Ongizate estatua bermatu behar delako». Hala eta guztiz ere, Nafarroako murrizketak %3koak baino txikiagoak direla zehaztu du bozeramaileak, eta horrek ez duela zerikusirik «PP Espainia osoan egiten ari den mozketekin».
Espainiako Kongresurako zerrendaburu Juan Moscosok bere alderdia jarri du eskubide sozialetan eta askatasun publikoetan «atzerapausorik» ez egoteko «berme» bakar gisa. Botoa gainontzeko alderdiei ematea edo abstenitzea PPri ematea dela adierazi du.
Gai beraz jardun da MariaChivite Nafarroako sozialisten senatarigaia. Ezkerraren eta eskuinaren artean dauden «desberdintasunak» azaldu ditu, PSNren aldeko botoa eskatzeko garaian. «Asko dago jokoan», Chiviteren irudiko, «Presidente Raxoi edo Rubalcaba izatea dago jokoan». Bozak PPk irabaziz gero «jende gutxiagorentzat diru gutxiago» egongo dela salatu du sozialisten senatarigaiak.
«Nafarroan ez dira ezarriko PPren murrizketak»
PPk bultzatuko ei dituen murrizketen aurka daudenei boza PSNri emateko eskatu diete hautagai sozialistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu