Osasuna. Nafarroako inbertsioa

Nafarroan hamar urtean %86 igo da osasun gastua

Ebakuntzak hirukoiztu egin dira itunpeko ospitaleetan azken hamar urteetan; 1.892 egin zituzten iaz

2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroan, azken hamar urteetan, gehiago handitu da osasun gastua, gobernuaren gastu orokorra baino. Hori da Nafarroako Kontu Ganberak 2001. eta 2011. urteen arteko osasun gastuaren bilakaerari buruz kaleratu duen txostenaren ondorio nagusia. 951 milioi euro gastatu zituen iaz Osasunbideak, duela hamar urte baino %86 gehiago —511 milioi inbertitu zituen 2001ean—. Nafarroako Gobernuak, berriz, 3.657 milioi xahutu zituen iaz, eta 2.368 milioi duela hamar urte; %54 handitu dira gastuak, beraz.

Osasun gastua igo egin den arren, %6 jaitsi da Nafarroako ospitaleetako ohe kopurua. 1.396 zeuden 2001ean, eta 1.312 hamar urte geroago. Gaixoek ospitalean igarotzen dituzten egunen batez bestekoak ere behera egin du. Zazpi egun pasatzen zituzten gaixoek, batez beste, 2001ean; sei egunera jaitsi da kopurua 2011n. Kontsulta kopuruak, berriz, gora egin du: %11 kontsulta gehiago jaso zituen iaz oinarrizko arretak, eta %15 gehiago arreta espezializatuak. Batez beste, bost aldiz joaten dira, urtean, Nafarroako biztanleak oinarrizko kontsultetara, eta 1,5 aldiz espezializatuetara. Kopuru hori ez da aldatu azken hamar urteetan.

Jaitsi egin da langile kopuruaoinarrizko arretan. 2.152 profesional zeuden 2001ean, eta 2.037 iaz. Arreta espezializatuan, ordea, jende gehiagok lan egin zuen iaz, 2001ean baino: 7.755 profesional ziren iaz, eta 5.818 orain dela hamar urte. Osasun publikoan 44.000 ebakuntza egin zituzten iaz; 2001ean baino %4,7 gehiago. Itunpeko ospitaleetan, berriz, hirukoiztu egin dira ebakuntzak; 629 egin zituzten 2001ean, eta 1.892 joan den urtean.

Buruko Osasunaren Plana

Buruko Osasunaren 2012-2016ko Plan Estrategikoa onartu zuen asteazkenean Nafarroako Gobernuak;buruko gaitzak dituzten pertsonek jasotzen duten arreta hobetu nahi du. Nafarroako Parlamentura eramango dute egitasmoa orain, onar dezaten.

RSM Buruko Osasunaren Sarean pertsona gehiago artatzea, buruko gaitzak dituzten haur eta gazteei arreta berezia eskaintzea, gaixoak artatzeko azpiegitura berriak eraikitzea eta langile gehiago kontratatzea dira planaren helburu nagusiak. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Marta Verak adierazi duenez, «kalitatezko eredu» batera hurbilduko da Nafarroa egitasmo horrekin, «botika gehiegitan» oinarritutako eredua atzean utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.