Udalbatzen osaera

Nafarroan hasi da aldaketa gauzatzen

UPN alkatetzatik kendu dute udalerri nagusietan: Tuteran Ezkerrak, Barañainen EH Bilduk, Eguesibarren Geroa Baik eta Burlatan Burlata Aldatuz-ek. Hogei handienetatik, soilik Cintruenigori eutsi dio (7.800 biztanle).

Oihaneder Indakoetxea Barañaingo alkatea, aginte makila eskuan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
mikel rodriguez
2015eko ekainaren 13a
09:20
Entzun

Udaletatik hasi da gauzatzen Nafarroan botere aldaketa. Biztanle gehien dituzten hogei udalerrietan aldaketa historiko bat gertatu da, UPNk ia alkatetza guztiak galdu baititu. Gaur arte horietako 11 zituen, eta soilik Cintruenigori eutsi dio. Nafarroako biztanleen %66 bizi da udalerri horietan.

Tuteran Eneko Larrarte Ezkerrako hautagaia da gaurtik alkate. Hauteskundeetan bigarren izan zen UPNren gibeletik, baina PSNk, Tutera Ahal Duguk eta CUPek botoa eman diote. Biztanle kopuruan Nafarroako bigarren udalerria da Tutera, eta diktadura bukatu zenetik PSNk eta UPNk agindu dute beti (UPNk 1995etik).

Barañainen Oihane Indakoetxeak (EH Bildu) hartu du alkatetza, eta hark ere UPN ordezkatuko du boterean —2008tik agindu du—. Azken hauteskundeak ere UPNk irabazi zituen, baina EH Bilduk Geroa Bairen, Barañainen Parte Hartzen-en eta Ezkerra-Equoren babesa izan du alkatetza hartzeko. 21.000 biztanle dauzka Barañainek —Nafarroako hirugarren udalerria—. Barañaingo lehenbiziko emakumezko alkatea izanen da Indakoetxea.

Eguesibarren, berriz, Alfonso Etxeberriak alkatetzari eutsi dio. 2011n UPNk irabazi zituen hauteskundeak, baina Josetxo Andia alkateak dimisioa eman zuen irregulartasun auzi baten ondorioz, eta gainerako alderdiek PPk izan ezik NaBairi eman zioten alkatetza. Azken hauteskundeetan UPNk berriz irabazi zuen Geroa Bairi sei botoko aldea aterata, baina EH Bilduk, Eguesibar Garak eta Ezkerrak Etxeberriari eman diote botoa. Biztanle kopuruan Eguesibar Nafarroako laugarren udalerria da.

Bortzgarren udalerrian ere, Burlatan, UPN alkatetzatik kendu dute. Burlata Aldatuz plataformako Txema Noval izendatu dute alkate, eta EH Bilduk babesa eman dio. Geroa Baik, Batzarrek, Ahal Duguk eta bertze talde batzuetako kideek osatzen dute Burlata Aldatuz. Hauteskundeak irabazi zituen, eta bortz zinegotzi dauzka, EH Bilduk bezala. UPN hirugarren izan zen (bi zinegotzi).  

Aldaketarako joera nagusi

Bertze alkatetza nagusien artean, UPNk Zizurkoa (Geroa Bai), Lizarrakoa (EH Bildu), Tafallakoa (EH Bildu), Corellakoa (ACI Alternatiba Corellar Independentea) eta Azkoiengoa (UPEI Azkoiengo Batasun Ezkertiarra) ere galdu ditu. Lizarrako osoko bilkuran Fortunato Agirreren alabak izan dira ikusleen artean. Orain arte Lizarran izandako alkate abertzale bakarra zen Agirre, eta 1936ko altxamenduan kolpistek fusilatu zuten.

UPNk agintzen ez zuen bertze lau udalerri handitan ere alkatetza alderdiz aldatu da; horietako hirutan, EH Bilduren alde. Kasu nabarmenena Antsoain da. 1991tik PSN izan da alkatetzan, baina EH Bilduk azken hauteskundeak irabazi eta behar bertzeko babesa lortu du. Berriozarren EH Bilduk NaBai ordezkatuko du, eta Uharten GIH Uharte Independente Taldea plataformari kendu dio alkatetza. Altsasun, ordea, Geroa Baik irabazi zituen hauteskundeak eta Bilduren tokia hartu du.

Atarrabian eta Baztanen berriz ere EH Bilduko hautagaiak izendatu dituzte alkate. PSNk San Adriango Udalari eutsi dio, eta hori da daukan herririk handiena (6.200 biztanle).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.