2011. urtean, 844 emakumek abortatu zuten Nafarroan. Emakume horien %38,7k ez dute antisorgailurik erabiltzen. Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzarrak ezagutarazi ditu datuok. Gehiago erran dute batzarreko kideek: 844 abortu horietatik hiru baino ez zituzten osasun sare publikoan egin. Datu horien ildotik, sexu heziketaren garrantzia nabarmendu, eta haurdunaldia zentro publikoetan egiteko eskubidea aldarrikatu dute emakumeek. Nafarroako Kontuen Ganberak egindako txostena ekarri dute gogora, erakunde horrek berretsi baitu abortuak sare publikoan egitea merkeagoa dela, eta hobeki bermatzen dituela emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak.
Datu gehiago jarri dute mahai gainean: 2011n egindako abortuetatik %52,56 botikak erabiliz egin zituztela, batetik; eta haurdunaldia etetea erabaki zuten emakumeen %36 "hegoalde pobretuko herrietatik etorritakoak" zirela, bertzetik. "Estatistiketatik kanpo gelditzen dira paperik ez duten emakumeen kasuak", nabarmendu du batzarreko kide Elena Lakabek. Sexu heziketan dauden gabeziek eta sare publikoan abortatzeko zailtasunek okerrera eginen dute PPren gobernua prestatzen ari den lege berriarekin, batzarreko kideek nabarmendu dutenez. "Eraso ideologikoa" dela erran dute, eta herritar guztiei eskatu diete karrikan agertzeko asmo horien aurkako iritzia. Horretarako, elkarretaratzera deitu dute hilaren 28rako, 20:00etan, Iruñeko Gazteluko plazan.