Nafarroa

Nafarroan ikur guztiak errespetatuko dituen Sinboloen Lege berria proposatu dute

Hezkuntza, politika, kultura eta kirol arloetako pertsonalitate esanguratsuek babesten dute herri ekimen legegilea, eta helburua da 2003tik indarrean den Sinboloen Legea indargabetu eta Nafarroako aniztasuna bermatuko duen legea bultzatzea

Herri ekimen legegilearen aurkezpena. IñIGO URIZ, ARP
Berria.info
2014ko otsailaren 1a
18:57
Entzun

Sinboloak gatazka iturri izatetik aberastasun iturri izatera bilatu nahi du ostegunean Parlamentuan aurkeztu eta gaur publiko egin den herri ekimen legegileak. Lege proposamenak 2003tik indarrean den Sinboloen Legea baliogabetzea nahi du, eta hartara, ikurrinarekiko zein beste egungo euskal ikurrekiko debekua eta jazarpena gainditzea. Ikurren erabileraren oinarria herritarren erabaki demokratikoa eta aniztasunarekiko errespetua izatea nahi dute.

Herri ekimena Paula Casaresek NUPeko irakasleak eta Eneko Compayns EHUko Zuzenbide fakultateko ikertzaileak aurkeztu dute. Bertan ziren ere, besteak beste, Joxi Bakaiko Etxarri Aranazko alkatea, Carlos Perez kazeetaria,Aitor Sola txupinazoko gertakariengatik atxilotua eta Maite Lakar euskagintzako kidea. Gainera, herri ekimen legegilea babestu dute honako pertsonek: besteak beste, Hedoi Etxarte idazleak; Patxi Puñal eta Oier Sanjurjo Osasunako jokalariek; Angel Larraia Atarrabiako 1979ko zinegotzi ohiak; Xabier Morras margolariak; Juan Martinez de Irujo, Aitor Zubieta eta Patxi Eugi pilotariek; Xabier Etxeberria Anaitasunako jokalariak eta Mikel Valdivieso txupinazoko bizardun arrantzaleen ekintzagatik atxilotuak...

Lege proposamenak artikulu bakarra du. Bertan adierazten da Nafarroako foru komunitatearen bandera ofiziala dela Nafarroako nortasunaren eta batasunaren adierazgarri. Era berean, eraikuntza eta egoitza ofizialetan "bandera bereizgarri gisa erabiltzeak ezin du inolaz ere ekidin haren ondoan aldi berean besterik jartzea, are gutxiago horrek herritarren babes zabala duen hiri eta udalerrietan". Herritarrek hala eskatuz gero, instituzioek "herri kontsultak" sustatu ditzakete ere biztanle guztien iritzia ezagutzeko, 70eko hamarkada amaieran Atarrabian ikurrinaren inguruan egin zen bezala. Azkenik, 2003ko apirilaren 4an onartutako foru legea baliogatzen du.

Herri ekimenaren sustatzaileek gogora ekarri dute 2003ko Sinboloen Legea ezarri denetik ikurrina "sistematikoki jazarria" izan dela, "bandera atzerritarra balitz bezala". Salatzen dutenez, egungo legearen ondorioz, udalerri askotan herritarrek ikur horri buruz duten borondate demokratikoa ere "deuseztua" izan da, eta azken urteetan sanferminetan gertatu den legez, "ikurrinaren erabilera baketsua egiten zuten herritarrak poliziek kolpatuak eta epaileek jazarriak" izan dira.

Egoera horiek gainditzeko eztabaida publikoa sustatu nahi dute. Horretarako, funtsezkoa izango da Parlamentuko Eledunen Batzordeak lege proposamena gutxienez tramitera onartzea. Etzi bozkatuko dute parlamentu taldeetako eledunek. UPNk eta PSNk atzera botatzeko aukera izan arren, sustatzaileek espero dute gutxienez tramite hori betetzea. Ondoren, hurrengo urratsa litzateke gutxienez 7.000 herritarren sinadura gutxienez biltzea, eta babes horren aurkeztu ostean, lege proposamena Parlamentuan eztabaidatuko litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.