Nafarroan onartu duten legeak ez du lehenesten zaintza partekatua

PSNren eta UPNren aldeko bozei esker onartu dute; hasierako proposamena «edukiz hustea» leporatu diete

Irudian, bi gizon zaintza partekatuaren aldeko pankarta batekin, 2009ko sanferminetan, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak adingabeen zaintza partekatuaren gaineko legea onartu du, UPNren eta PSNren aldeko bozei esker. Atzo onartutako legeak epaileen esku uzten du, gurasoen banaketa gatazkatsuen kasuan, umearen zaintzaren inguruko erabakia, eta, beraz, ez du zaintza partekatua lehenesten.

Lege proposamena IUN Nafarroako Ezker Batuak egin zuen, baina hura «edukiz hustu» dutela leporatu diete Nabaik, IUNk eta CDNk UPNri eta PSNri. Lege proposamenean, haurren zaintza partekatua lehenesten zen gurasoak ados jartzen ez diren kasuetarako ere, baina atzo onartutako legean ez da aukera hori agertzen.

Conchi Mateo UPNko parlamentariak adierazi duenez, legeak «beti seme-alaben interesen alde» egiten du, eta gurasoak «berdintasunez» tratatzen ditu. PSNko parlamentari Javier Monzonen iritziz, «atzemandako beharrei» erantzuten die legeak. PSN zaintza partekatuaren alde dagoela argitu du, baina adingabeen hobe beharra «beste ezeren gainetik» jarri behar dela nabarmendu du.

Nafarroako Parlamentuko gainontzeko taldeek legearen aurka egin dute. NaBaiko parlamentari Nekane Perezek atsekabea azaldu du zaintza partekatua ez delako lehenetsi, eta jarrera hori UPNren eta PSNren «koldarkeriari» egotzi dio. Juan Cruz Alli CDNko parlamentariak adierazi duenez, parlamentuaren betebeharra da zaintza partekatuaren «eskaera soziala» aintzat hartzea. Onartu den legeak inongo aurrerapenik ez dakarrela salatu du Ana Figueras IUNko parlamentariak.

Gurasoen akordioa, jomuga

Legearen arabera, gurasoen arteko akordioa lehenetsi nahi da. Horretarako, bitartekaritza zerbitzu bat jarriko dute martxan, eta gurasoek borondatez hartuko dute parte. Zerbitzu hori «publikoa eta inpartziala» izango da. Gainera, epaileak gurasoak derrigortu ditzake ados jartzera. Azkenik, gurasoen arteko akordiorik ez badago, epaileak erabakiko du adingabea zaintzeko zein formula den egokiena, zaintza partekatua legez lehenesteko beharrik gabe.

IUNk familia arteko harremana sakon arautzeko eskatu zuen lege proposamenean, baina UPNk eta PSNk argudiatu dute arauketa hori ez dela «ez beharrezkoa ezta bidezkoa ere».

Anapase Nafarroako guraso bananduen elkartearen iritziz,onartu den legearekin Nafarroak gizarte «justu eta berdintzaileago bat» izateko aukera galdu du. Gizarte desberdintasunak areagotzea egotzi diote PSNri eta UPNri, legeak gurasoak euren arduretatik aldentzen eta adingabeak aita-amengandik banatzen dituela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.