Politika

Nafarroan ustelkeriaren aurkako bulegoak pertsona bakarra izango du

Maria Jose Beaumont kontseilariaren arabera, gestio publikoa berrikusiko du, baina ez du botere betereazlerik izango.

Beaumont, Nafarroako Legebiltzarrean. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko urriaren 6a
13:29
Entzun

Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan jaso zuten ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko beharra, herritarren jakiteko eskubideari erantzuteko asmotan. Aitzitik, Mari Jose Beaumont Nafarroako Lehendakaritza, Barne Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak argi utzi du gaur goizean Parlamentuan egindako agerraldian, bulegoa ez duela gobernuak sortu, eta lehenik  parlamentuak dagokion foru legea onartu behar duela.

Halaber, baieztatu du gutxieneko kostua izanen duela, eta pertsona bakarra arduratuko dela kudeaketa publikoko jarduera esanguratsuenak berrikusteaz. Kontseilariak dioenez, ez da bulego politiko bat izanen, eta langileak ez du botere betearazlerik izanen.

Haren zeregina kudeaketa publikoaren baitan izandako gorabeherak aztertzea izanen da, eta parlamentariek txosten horiekin erabaki politikoak hartu beharko dituzte, «irregulartasunak» ikusiz gero. «Organoaren arduraduna administrazio publikoa ondo ezagutzen duen jurista bat izango da, eta herritarrei gardentasun osoa eskainiko die».

Kontuen Ganberaren "osagarri"

PPko Ana Beltranek eta UPNko Cristina Altunak ez dute beharrik ikusten halako bulegorik sortzeko. Beltranek ohartarazi du organoaren xedea iraganera begiratzea dela, eta herritarrek etorkizuna osatzen hastea nahi dutela. Altunak, berriz, gogorarazi du Nafarroako Kontuen Ganberak «zeregin horiek berak» dituela.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak erantzun du Kontuen Ganberak berak proposamenari oniritzia eman diola, eta bulegoaren lana osagarri izango dela.  

Ahal Dugu taldeko Eduardo Santosek ere ez du arazorik ikusten. Bere ustez, Kontuen Ganbera organo independentea da, eta administrazio barrutik eratutako bulegoak ez du kontrola gutxituko, handituko baizik.

«Sekulako beharra dago Nafarroako Gobernua gardena izateko eta kontrolatuak izateko», gaineratu du Marisa De Simon Ezkerrako bozeramaileak. Geroa Baiko Patxi Leuzak, bestetik, ez du ulertzen PPNk halako kezka izatea ustelkeriari aurre egingo dion bulego bat sortzeagatik.

Beaumontek argi utzi du bere agerraldian bulegoak ez duela obra publikorik ikuskatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.