UPN-ren kongresua

"Nafarroaren egonkortasunerako", PPN prest azaldu da UPN eta PSNrekin akordioak egiteko

Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak esan du Bilduren zentsura moziorik ez luketela babestuko, eta eurek ere ez dutela aurkeztuko, Bilduren botoak ez jasotzeko. Barcina, berriz, PSNrekin hitzarmenak egitearen alde agertu da.

2013ko martxoaren 18a
18:39
Entzun

Enrique Martin de Marcos PPNko presidentea prest azaldu da UPNrekin eta PSNrekin akordioak egiteko, "Nafarroaren egonkortasunari" eutsi nahian. "Egoera politiko eta instituzional zailean gaude, eta denok jarri behar dugu gure aldetik". Zorionak eman dizkio Yolanda Barcinari UPNko presidente izendatu dutelako berriz ere, eta gaineratu du PPN ez dela beste alderdien barne eztabaidetan sartzen.

Juan Jose Lizarbe PSNko Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak, berriz, esan du atzoko bozketak ez duela ezer aldatuko, eta Barcinari dimisioa emateko eskatu diote. "Ez du PSNren konfiantza, ez du Nafarroako Parlamentuaren konfiantza, eta ez du bere alderdiaren erdiaren konfiantza ere", adierazi du.

PSNk oposizio "sendo eta proposatzailea" egiten jarraituko duela iragarri du, eta esan du Barcinak ez duela sinesgarritasunik, "bera delako bere horretan ezegonkortasuna". Lizarberen arabera, Barcinak dimisioa ematen ez badu horrek ondorioak izango ditu berarentzat eta bere alderdiarentzat. Ez du zehaztu, ordea, zer ondorio.

Zentsura mozioekin, iheskor

Hala ere, aldez aurretik baztertu du Bilduk aurkeztutako zentsura mozioa bat babestea. Ez, ordea, beste alderdi batek aurkeztuz gero. "Eguesibarren Geroa Bairen hautagaitzaren alde egingo dugu. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak hortik". Galdetu diotenean ea horrek esan nahi duen NaBai-Aralarrek mozioa aurkeztuz gero babestuko luketela, esan du hori esandakoa "gaizki" ulertzea dela.

"Guk ez dugu zentsura moziorik aurkeztuko, agian Bilduren botoekin irabaziko genukeelako. Nola jasoko ditugu, bada, Buesaren hilketa defenditzen duen alderdi baten botoak? Gauza batzuk ezin dira izan, eta inork ez luke horretan baliatu behar. Ea denok egoerak eskatzen duen ardurarekin jokatzen dugun, gure jarduera politikoen etikak eskatzen duena, baita Yolanda Bardinak ere".

Barcina, PSNri begira

UPN bermea da Nafarroa, "foru erkidego bereizi hau, Espainian integratua" egon dadin aurrerantzean ere, atzo Yolanda Barcina alderdiko presidente hautatu berriak adierazi zuenez. Ozta-ozta irabazi eta gero, batasun deia egin zien alderdikideei, eta erantsi zuen atzoko kongresua "UPNk bere trantsizioa egiteko bultzada" izan dela. PSNrekin hitzarmenak egitearen alde azaldu zen Barcina, eta adierazi zuen atzoko galtzaile bakarrak "abertzaleak" izan zirela.

UPNko afiliatuek Yolanda Barcina aukeratu zuten atzo UPNko presidente. Hala, Nafarroko presidentea Alberto Catalan beste hautagaiari gailendu zitzaion. Beraz, 2009an Miguel Sanzen lekukoa jasotzeko lortu zuen garaipenaren ostean, beste lau urtez izango da UPNko presidente Barcina. Bi hautagaien arteko aldea txikia izan da; zenbaiten arabera, 78 boto (4.000 afiliatuk zuten botoa emateko eskubidea).

1996an hasi zen politikan Barcina, Miguel Sanzen bitartez. Lehenik, Ingurumen kontseilari moduan. 1999an, Iruñeko alkatetzari heldu zion. Hiru udal hauteskunde irabazi ostean, eta PPra alde egin zezakeen arriskuarekin, Miguel Sanzek bere ordezko izateko hautatu zuen, eta militanteek 2009ko kongresuan izendatu zuten gehiengo handiz. 2011z geroztik, Nafarroako lehendakari da. Presidenteorde Juan Antonio Sola izango da, Barcinaren zerrendako hautagaia, eta idazkari nagusi, Oscar Arizkuren, hori ere Barcinaren zerrendakoa.

Sanz: "UPN indartuta ateratzea espero dut"

Emaitzaren berri izan aurretik, Sanzek esan zuen bozketaren emaitzak, edozein delarik ere, ez duela ahulduko Nafarroako Gobernua, baina aitortu du "pertsonen arteko konfiantzak eta adostasunak" ahuldu ditzakeela. "Hori gainditzea lortzen badugu, horrelako kongresu batek zauriak utz ditzakeelako, arazo asko gainditzea lortuko dugu", gaineratu du.

Zatiketarik izatea baztertu zuen, ordea. "Denetarik pasatu izan dut nik UPNn. CDNren haustura, esate baterako, eta hori kongresu batean bi hautagai egotea baino larriagoa da. Aurre egin genion hausturari, eta gero hogei urte baino gehiago egon gara gobernuan", adierazi zien hedabideei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.