Politika

Nafarroaren Estatus Politikorako agiria aurkeztu du Aralarrek, "nafarren erabakitzeko eskubidea" oinarri hartuta

"Nafarren erabakitzeko eskubidearen errekonozimendutik eta gauzatzetik" abiatuta, Nafarroaren Estatus Politikorako proposamena aurkeztu du Aralarrek, hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentuko Autogobernu ponentziara eramango duen agiria. Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenaren osagarri dela eurena adierazi dute Aralarren Nafarroako parlamentariek, eta, halaber, Ipar Euskal Herriak bere estatus juridiko eta politikoa zehaztuko duen agiria behar duela.

2005eko otsailaren 28a
17:07
Entzun
Hain zuzen ere, Patxi Zabaletak, Txentxo Jimenezek, Patxi Telletxeak eta Miren Egañak aurketzu dute agiria; hau da, Aralarren Nafarroako Parlamentuko lau ordezkariek.

Agertu dutenez, Nafarroako Foru Hobekuntza "zaharkitua" eta akatsez betea da, eta hura gainditzeko saioa da aurkeztu duten agiria. Izan ere, Foru Hobekuntzak ez zuela sorburu demokratikoa izan salatu dute (ez baitzen erreferendumean bozkatu), ez dagoela egoki araututa, eta ikuspegi "eskas eta murriztua" duela.

Ildo horretatik, beren proposamena "nafarren erabakitzeko eskubidearen errekonozimendu eta gauzatzean" oinarritzen dela azpimarratu dute Aralarreko ordezkariek. Hain zuzen ere, Euskal Herriko beste lurraldeekin egitura politiko bat eratu nahi duten erabakitzeko aukera eman behar zaiela nafarrei iritzi diote.

Halaber, Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenaren osagarri dela beren agiria agertu dute, eta antzeko beste bat beharko litzatekeela Ipar Euskal Herrirako; alegia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren estatus politiko eta juridikoa zehaztuko lukeen agiri bat, eta hango biztanleen erabakitzeko eskubidean finkatuko litzatekeena.

Nolanahi ere, Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenaren ondoan beren agiriak "aurrerapauso kualitatibo handia" dakarrela iritzi diote, "bai kontestualizazio ideologiko eta politikoan, bai gizarteari buruzko ikuspegian".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.