Pentsioak

Nafarroarentzako pentsio sistema publikoa eta berezkoa eskatu dute Iruñean

Ehunka lagun elkartu dira Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek deitutako manifestazioan. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren araberako igoera ere galdegin dituzte.

Pentsio duinen aldeko manifestazioa Sasoiak eta Pentsionistak Martanek deituta, gaur, Iruñean. FOKU
2018ko apirilaren 22a
12:45
Entzun

Espainiako Gobernuak pentsioen alorrean egin duen kudeaketa arbuiatu eta Nafarroarentzako berezko pentsio sistema publikoa eskatu dute, ehunka lagunek, Iruñean, Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek deitu duten manifestazioan.

Manifestazioa Udaletxe plazatik irten da, Petsio sistema publiko eta berezkoa lelopean. Toki berean amaitu da mobilizazioa, Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ondoren. Bukaeran, adierazpen bat irakurri dute. Elkarte deitzaileek salatu dute 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformek "estatuko sistema publikoa hondatzen" ari direla.

Erreforma horien ondorioz, pentsioak "murriztu" egin direla nabarmendu dute, "urte batzuk barru pentsioa azke soldataren %50 izateraino". Pentsioen sistema publikoa defendatzeko, bi erreforma horiek salatzea ezinbesteko jo dute.

Pentsionistak Martxanek eta Sasoiak neurriak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari, Nafarroak Gizarte Segurantza eta Babes Sozial sistema propioa izan dezan. Horrez gain, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren araberako igoera galdegin dituzte. "Pertsona gehiagok kobratu behar badituzte pentsioak, aberastasunaren ehuneko handiagoa bideratu beharko da pentsioentzat. Kontua ez da kopuru bera banatzea pertsona gehiagoren artean".

Deitzaileek gezurtatu egin dute pentsioak ordaintzeko diru nahikorik ez dagoenik. "Dirurik ez dagoela diotenean esan beharko lukete ez dagoela dirurik erabilgarriak ez diren obretan xahutzen dugulako, gizartearentzako baliogarri ez diren inbertsioetan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.