Genero indarkeria

Nagore Laffage omendu dute Iruñean

Ukuiluetatik abiatu da antzezlana, eta zezen plazan egin diote omenaldi nagusia. Ehunka herritarrek babestu dituzte Laffageren familia eta lagunak, eta emakumeek ezetz errateko eskubidea dutela oroitarazi dute.

2013ko uztailaren 3a
22:26
Entzun

Iruñean Nagore Laffage oroitu eta babesa eman diete haren senide eta lagunei, hilketaren bosgarren urteurrenaren atarian. Iruñea, 2008ko uztailaren 7a izenburu duen antzezlana baliatu dute horretarako. Ukuiluetan egin dute zita, zazpietan. Entzierroaren bideari jarraituz egin dute omenaldia, eta 20:30ean bukatu dute, zezen plazan. Ehunka herritar elkartu dira ekitaldira, eta emozioz eta txaloz hartu dituzte Laffageren senide eta lagunak.

Aurten bost urte beteko dira Nagore Laffage hil zutela, sanferminetan. Laffageren senideek eta Astelehen Lilek antolatu dute ekitaldia eta antzezlana, hilketa gogora ekartzeko, eta andreen aurkako indarkeria salatzeko. Iruñeko Udalak ez zien baimenik eman nahi izan hasieran, Estafeta kalean egin nahi zutela eta horrek zirkulazioan arazoak eragingo zituela argudiatuta. Joan den astean Enrique Maia alkatearekin bildu ziren antzezlanaren antolatzaileak, eta baimena eskuratu zuten azkenean.

Isiltasunean hasi da ekitaldia, eta hala jarraitu du une gehienetan. Zezen plazako kailejoian Ezetz beti da ezetz; justizia leloarekin, pankarta bat zabaldu dute Astelehen Lilak elkarteko kideek. Krabelin zuriak eta kandelak eskuetan zituztela jarraitu dute. Zezen plazan egin dute omenaldi nagusia.

Astelehen Lilak elkarteko kideek mezu bat zabaldu dute, Laffageren argazkiaren aurrean: hari gertatu zitzaiona ez dadila errepikatu. «Emakumeok ez errateko eskubidea dugu; eta espazio guztietan askatasunez eta beldurrik gabe egoteko eskubidea; bai eta beste guztietan ere. Tratu onak oinarri dituzten harremanak behar ditugu, ezin dugu bertze eraso bakar bat ere onartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.